Urtea amaitzear den honetan, 2020rako udal aurrekontuak onartzeko garaia iritsiko da laster. Hori horrela, Oñatiko EAJ aurrekontuen prestaketan murgilduta dago eta lan horri heltzeaz gain, oñatiarrei gogorarazi nahi izan die, aurrekontuetarako ekarpenak jasotzeko kanalak zabalik dauzkatela.
Hala ere, kezka batekin ekin diote lan horri, izan ere, joan den urtean Udalak aurrekontuetarako proposamenak jasotzeko egindako parte-hartze prozesuaren ondorioz 2019ko aurrekontuetan txertatutako partidak ez baitira, oro har, bete. 2019ko aurrekontuetarako egindako parte-hartze prozesua “oso positibotzat” baloratu zuten jeltzaleek, baina, azaldu dutenez, “kezkatuta gaude jasotako ekarpenen betetze mailarekin, ikusten dugulako herritarrek hala eskatuta aurrekontuetan txertatutako proposamen gehienak ez direla burutuko”. EAJko kideek Udalak egindako parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenen errepaso bat egin dute, “San Pedro-Madalenan eta Olabarrieta-Asentzion komun publiko irisgarriak jartzeko proposamena egin zuten 1003 oñatiarrek, Ugarkalden haurren jolas parke bat estaltzea 486 herritarrek, ikastetxe eta ekipamendu publikoen inguruetan bizikletentzako aparkaleku estaliak 433 oñatiarrek, bide segurtasuna hobetzeko zebrabideak argiztatzea 433k eta abar”. “Ez zaigu zilegi iruditzen, aurrekontuetan txertatzeko herritarrei ekarpenak eskatzea eta ez betetzea. Hitza bete egin behar dela uste dugu, aurrekontua exekutatu behar dela eta parte-hartze prozesu baten bidez jasotakoa betetzea lehentasunezkoa dela” azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak.
Esan bezala, lanari ekin eta dagoeneko zenbait proposamen lantzen ari dira jeltzaleak, hauteskunde programan jaso zituztenetatik lehentasunezkoak direnak, baina, herritarren ekarpenenei ere bide eman nahi diete, horretarako eskura dituzte oñatiarrek, Batzokiko buzoia, pnvonati.partaidetza@gmail.com helbide elektronikoa eta 688 60 21 00 udal taldearen whatsapp zenbakia eta, nola ez, beti dute EAJko kideei aurrez aurre beren ekarpenak helarazteko aukera.
Udalaren egoera ekonomikoa dela eta, kiroldegia eraberritzeko konprometitutakoetatik harago ez da izango aurten inbertsioa handirik egiteko aukerarik, horregatik, EAJk inbertsio txikien bidez oñatiarren bizi kalitatea hobetzeko aukera ematen edota beste erakundeetatik dirulaguntzak izan ditzaketen proposamenak lehenetsiko dituzte beren ekarpenetan. Lantzen ari diren sei proposamen aurreratu dituzte jeltzaleek:
- Tokiko merkataritza sustatzeko neurriak: dirulaguntza lerroak, belaunaldi erreleboa sustatzeko neurriak, lokal hutsak berritzeko eta erabilera emateko programak…
- Kulturan, sormen bekak sortu
- Oinezkoen, bizikleten, patineteen eta bestelakoen elkarbizitza bermatzeko araudia landu.
- Adikzioak Prebenitzeko Plana landu gazteekin eta horien gurasoekin.
- Euskadi Lagunkoia programari atxiki eta, besteak beste, adin guztietarako hirigintza atsegina eta irisgarria bermatu: bereziki, Olakua-Olapoton, Kasablanka-Kalezaharra-Arkiteko Lizaurren, Moyua kalean eta Mendiko kalean.
- Azkoagaingo futbol zelaia eta azpiegiturak konpontzeko dirulaguntza.
EAJko kideek, oñatiarren ekarpenak jasotzeaz gain, lantzen ari diren proposamen horiek hobetzeko herritarren ikuspegia ezagutzea ere garrantzitsua dela uste dute eta horretara ere zabalik daude erabat, horregatik, norbanako nahiz eragileei dei egiten diete proposamenok eta datozen asteetan egingo dituztenak, elkarrekin lantzera, arestian aipatutako bideetatik. “Herritarrentzat lan egitea da gure eginkizuna Udalean eta horretan gogoz jarraituko dugu. Baina, horretaz gain, herritarrekin lan egitea ere oso garrantzitsua dela uste dugu, horregatik, Udaletik 2020ko aurrekontuetarako herritarren ekarpenak jasotzeko parte-hartze prozesua zabaltzea beharrezkoa dela uste dugu eta prozesua martxan jartzea eskatzen diogu udal gobernuari. Hala, aspaldiko urteetan parte-hartzearen alde egin dugun apustua berresten dugu eta, edozein kasutan, gure esku dagoen guztia egingo dugu herritarren ekarpenak udal aurrekontuetan txertatzeko” amaitu du Galdosek.