1.- Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak bere jardun politikoaren helburuen artean lehenesten du Kataluniako autogobernuan eta erakundeetan aplikatzen ari den 155. artikulua indarrik gabe gera dadila, bidegabe eta atzerakoi jotzen dugulako.
Helburu hori lortzera bideratuko dugu hurrengo egunotako ahalegin politikoa.
2.- Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzar hau jabetzen da Euskadirentzat, eta oro har, Estatuko Aurrekontu Orokorrak izapidetzeak eta bere kasuan onartzeak daukaten garrantziaz, bereziki pentsioei eta “Euskal agenda” deritzogunari lotutako gai guztiei dagokienez.
3.- Azken hilabeteotan, EAJk erantzukizun politikoarekin jarduteko helburuari jarraitu dio, denbora emanez Estatuko Administrazioaren eta Kataluniako ordezkarien artean oraingo gatazka politikoa gainditzeko behar den elkarrizketarako urratsak eman zitzaten.
Aitortzen dugu aldi hau, alderdi honek fede onez emaniko aukera hau, orain arte ez dela behar bezala baliatua izan.
Jakin dakigu erlojuaren kontra ari garela baina, beste behin ere, eta orain arteko jarrera arduratsuari eutsiz, azken momentura arte aprobetxatuko ditugu bilatzen diren helburuak lortzen lagunduko dituzten aukerak.
Hartara, Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzar honek orain arteko jarrerari eutsiko dio azken minutura arte, ziur aski, asteazken arratsaldean aurrekontuei buruz egingo den azken bozketaraino, alegia.