EBBko presidentea, Nafarroako Gobernuaren bozeramaile Maria Solana eta Geroa Baiko legebiltzarkide Jokin Castiella Lesakan izan dira Nafarroako herrian egin den EGI egunean. Ortuzarrek Kataluniako ordezkariak auzitara eraman izana eta kartzelaratu izana kritikatu du. “Inork uste al du jendea kartzelaratuaz eta politikariak gaitasungabetuaz ezer hobetuko dela?, galdetu du.
Jokin Castiella Geroa Baiko Nafarroako legebiltzarkide gazteak Lesakan aldarrikatu nahi izan du “egitasmo jeltzalea Nafarroan indartsu dagoela”. “Gaur eta hemen gogoratu behar ditugu Nafarroan EGI erakundeak 1918tik 2018ra bitartean mendeurrena bete izana ahalbidetu duten pertsona guztiak”, adierazi du. Castiellak EGIren konpromiso politikoaren “duintasuna” aldarrikatu du: “Abertzalea izatea ez da etiketa huts bat, gure herriarekin eta gure baloreekin konpromiso irmoa izatea da eta, horrez gain, erantzukizun handia ere bada. Ezin dugu ahaztu hemen elkartu garen gazteok etorkizuna garela, aldarrika dezagun, beraz!”, esan du.