2018ko udal aurrekontuen lanketaren harira, Oñatiko EAJ-PNVren udal taldeak ezinbestekotzat jo du oñatiarren ekarpenak, iritziak eta proposamenak hurbiletik ezagutzea eta aintzat hartzea, datorren urteari begira aurkeztuko dituzten ekimenetan oñatiarren beharrei, eskaerei eta iradokizunei erantzuteko.
Horiek horrela, iaz egin bezala, aurten ere jeltzaleek hainbat bide jarri dituzte martxan herritarren ekarpenak jasotzeko: Oñatiko Batzokiko buzoia, helbide elektronikoa (pnvonati.partaidetza@gmail.com), eta Facebook eta Twitter sare sozialak ((https://twitter.com/eajpnvonati, www.facebook.com/eajpnvonati). Era berean, hala nahi duen oñatiarrak bere proposamena(k) udal zinegotziei aurrez aurre aurkezteko aukera ere izango du. Ekarpenak gaurtik azaroaren 10a bitartean jasoko dira.
Joan zen urteko aurrekontuetako parte hartze prozesuan herritarrengandik jasotako proposamen ugari aurkeztu zizkioten EAJko zinegotziek EH Bilduren gobernuari. Horrela, 2017an horietatik hainbat aurrera eramatea lortu du EAJ-PNVak, besteak-beste: San Lorentzoko konposta gunea lekualdatzea bizilagunei sortzen zizkien usain arazoekin amaitzeko, behin eta berriz eskatutako ur txorrotadak martxan jartzea, enplegua eta ekintzailetasuna bultzatzeko plana eta tutoretzarako aholkulari espezializatua kontratatzea (co-work) eta lehen sektorerako berrikuntza teknologikoak edota belaunaldi erreleborako diru laguntzak txertatzea. Bide beretik, herriko guraso, haur eta gazteen eskariei erantzuteko, plazako frontoia argiztatzea, aisialdi aukera berriak eskaintzea (ping-pong mahaiak, skate park…) gazte lokalak egokitzeko diru lerroa sortzea eta gazteentzako irakurketa kluba martxan jartzea lortu dute jeltzaleek; baita, kirol arloan herriko kirol programa guztietarako kirol-teknikaria kontratatzea ere.
Ildo horretan, EAJ-PNVk proposamenak egitera animatzen ditu herritarrak eta zinegotzi jeltzaleek konpromezua hartzen dute eskaera horiek 2018 aurrekontuetan, zein urtean zehar lan batzordeetan, proposatu eta defendatzeko.