Herriko festetan prebentzio eta segurtasun neurriak hartzea eskatu dio Oñatiko EAJ-PNVk EH Bilduren udal gobernuari

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2017ko ira. 21a, 10:37

Ildo horretan, festetan udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaltzea eskatu dio EAJ-PNVk gobernu taldeari, baita Udaleko kale-hezitzaileen zerbitzua indartzea ere. Halaber, sentsibilizazioa lantzen jarraitzeko urtean zehar hainbat prebentzio programa garatzea proposatu du.

Herriko guraso talde bat harremanetan jarri da Oñatiko EAJ-PNVren udal ordezkariekin jaietan gazte eta nerabeen alkohol eta beste sustantzien kontsumo ohituren inguruan euren kezka azaltzeko. Kezka hori aintzat hartuta, alkohola eta beste sustantzien kontsumo eta salmentak ekiditeko adingabekoei zuzendutako prebentzio eta babes neurriak hartzeko eskatu diogu EHBilduren udal gobernuari.

Helburu horrekin festetan udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaltzea proposatu dio EAJ-PNVeko udal taldeak EHBilduren gobernuari;  baita, beharrezkoa denean, zerbitzu horren osagarri gisa Ertzaintzaren laguntza eskatzea ere. Herriko taberna eta auzo-festa batzuetako txosnetan adingabekoei alkohola saldu zaiela adierazi digute gurasoek, baita adingabekoak alkohola zerbitzatzen egon direla ere. Bi ekintza horiek legez kontrakoak badira ere,  kezkagarriena da alkohol eta beste sustantzia batzuen kontsumoa gazte eta nerabeengan gero eta goiztiarragoa dela.  Ildo berean, adingabekoei zuzendutako ekintzak alkohol kontsumoa edo/eta salmenta arriskua ez dagoen lekuetan egitea ere eskatu dute gurasoek.   

Udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaltzearen eskaera prebentzio, babes eta disuasio-neurri gisa proposatu badugu ere, helburu du baita ere adingabekoei alkohola eta beste sustantzia batzuk saltzeko debekua bete araztea. Gaur egun udalerri ugari dira horrelako ekintza eta neurriak hartzen dituztenak eta hori da, hain zuzen, udal gobernu taldeari eskatu dioguna: Oñatin ere aspalditik dagoen kale-hezitzaileen zerbitzua indartzea eta bide batez, bi zerbitzuak, udaltzaingoarena eta hezitzaileena,  uztartzea”.

Era berean, sentsibilizazio eta prebentzio arloari lotuta, gurasoen kezka aintzat hartuta, adingabekoei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpainak proposatzen jarraituko dugu EAJ-PNVtik. Gazte eta nerabeekiko esku-hartzeak prebentzio-izaera eta asmo hezigarria izan behar du eta gaiari etengabeko jarraipena eman behar zaio. Gaur egun Gipuzkoako udalerri askok gauzatzen dituzte horrelako kanpainak eta herriko gurasoek gaiarekiko duten kezka dela eta, ezinbestekoa da Oñatin ere ohitura eta jokabide osasuntsu eta arduratsuak sustatzea, nerabe eta gazteek festaz eta aisiaz goza dezaten.

Amaitzeko, oñatiarrengandik jasotako kezka eta proposamenak gobernuari helarazi eta planteatzen jarraituko dugula ziurtatzen dugu, zinegotzi gisa hartutako konpromisoa betetze aldera orain arte bezala jarraituko baitugu lanean. Orain, EH Bilduren gobernuak gurasoek egindako eskaerak aintzat hartzea espero dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak