Legealdi erdira helduta, prentsaurrekoa eskaini genuen EAJ-PNVren zinegotziok Batzokian ekainaren 8an.
Agerraldi horretan, bi urteko ibilbidean EAJren zinegotziok egin dugun ahalegina eta erakutsi dugun ekimena azaleratu ziren. Baita erakutsi dugun jarrera aktiboa eta iradokitzailea ere. Izan ere, 12 batzordeetako saio guztietan parte hartu dugu, hutsik egin gabe. Horren ordainetan, zer egin dute EH Bilduren gobernukideek? Ekintza eta erabaki asko inposatu; ohikoak bihurtu dira “hau hola erabaki dou”… bezalako adierazpenak. Arazoak konpontzeko, berriz, inprobisazioz jokatzen dute; Kalezaharreko zaratei irtenbiderik ez eskaintzeak, bizikleten ordenantzarik ez adosteak, edo igerilekua eta kiroldegia beste urte batez konpontzeke egoteak ederki erakusten dute EH Bilduren gaitasun ez nabarmena.
Batzuei (J.A. Amundarain eta A. Etxeberria) ez zaizkie gustatu, nonbait gure adierazpenak, eta Lourdes Idoiagari leporatu dizkiote bereak eta bi! Hala ere, EAJren zinegotzi guztion hitzak jaso ziren prentsaurreko horretan. Guk ez dugu Oñatiko EH Bilduren mundu-ikuskera, ez bakean, ez bizikidetzan, ez giza eskubideetan, ez gizarte-bizitzan, ez ekonomian eta industrian, ez hezkuntzan... Baina geu ere oñatiarrak gara, eta geure lekua daukagu herrian; EAJ-PNV eredua aldarrikatzen dugu eta babesten dugu; EAJ beti aurrera! Ez da, ez, lan makala Oñatin! Oraindik, batzuek gorroto larregi daukate, gure iritzian, gauza onerako.
OÑATIKO EAJ-PNVREN UDAL TALDEA
J. Balzategi, A. Erostarbe, M. Etxegoien, R. Fernandez, J.K. Gerrikagoitia, L. Idoiaga, N. Maiztegi