ESKERRIK ASKO, IKER

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2017ko mar. 8a, 10:08

Lehenik eta behin, Oñatiko EAJ-PNVk bere doluminak helarazi nahi dizkie egun hauetan utzi gaituen Iker Jausoro Murgiondoren senitartekoei: bere ama Kontxita, anaia Ibon, emazte Olatz eta Eneko eta Julen semeei, baita haren gertuko lagunei ere. Halaber, EAJ-PNVtik, lerro hauen bidez, gure alderdikidea, 1995-1999 artean EAJko hautagaia eta 1999-2003 artean Oñatiko EAJren udal gobernuko kide ere izan zena, oroitu nahi genuke, baita Oñati hobeago baten alde, berak egindako ekarpena eta lana gogora ekarri ere.

Gaztetatik izan zen Iker alderdikide eta gaztetatik egin zuen  lan, beraz, Oñati eta oñatiarren alde. Euskara eta Hezkuntzako batzorde burua izan zen 1999-2003 artean EAJk gidatu zuen udal gobernuan. Bere zuzendaritzapean jarri zen martxan lehen aldiz Oñatiko ikastetxeei diru laguntzak emateko ordenantza eta berak bultzatuta kontratatu zen hezkuntza arloa kudeatzeko lehen udal teknikaria. Era berean, aisialdi eta kiroletako begiraleei euskaraz jakitea oinarrizko baldintza gisa ezartzea lortu zuen eta etorkinen Bertakotze Programaren oinarriak ere finkatu zituen. Gaur egun guztiek jarraitzen dute oraindik indarrean.

Horrez gain, Iker, Ogasuna, Kirola eta Gaztediako batzorde-kide izan zen. Gaztelekuko kontseiluan ere parte hartu zuen eta bera kide zen garaian osatu zen arlo honetako lehen parte-hartze kontseilua. Horrenbestez, EAEn Oñatiko eredua, Ikerrek EAJko kide gisa landutakoa, hain zuzen, izan da parte-hartze horren aitzindaria. Gainera, Ur-Jauziak eta Oñatiko Etxegintza udal enpresa publikoen kontseilu-kide gisa ere aritu zen lanean.

Kargu guzti horien bitartez Ikerrek beti egin zuen Oñati eta oñatiarren interesen alde lan eta ezinbestekoa izan zaigu bere ekarpena aitortu eta eskerrak ematea. Herri honen alde egin duzun guztiagatik,

Eskerrik asko, Iker

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak