Euskararen Nazioarteko Eguna (2016)

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2016ko aza. 29a, 10:04

 

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta, aurtengo Adierazpenean (HAKOBA-EUDEL), galdera hau luzatu digute herritar bakoitzari: ‘Zer egin dezaket nik euskararen alde?‘.

                 Gogoeta egiten hasita, euskaraz jakin ez, eta ikasten ibili direnak eduki ditut buruan. Makina bat aldiz hasi dira euskaraz berbetan euskaldunen aurrean, baina gaztelaniaz jarraitu dute. Zer dela eta? Euskaldunon diskurtsoa hiperzuzentzailea delako ote da?

                 Horren harira, EGOD (Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren Lanketa) egitasmoa aipatu nahi dut (Iñaki Martinez de Luna, 2015). Bertako zortzigarren ardatz estrategikoak dio atzean utzi behar dela hiperzuzentasuna eta hizkuntza bizia, komunikatzailea, adierazkorra eta multifuntzionala bultzatu behar dela. Izan ere, hiztun berriak ezin du bere burua deseroso ikusi.

                 “Akatsak“ izeneko zutabean (Berria, 2015-04), hizkera bizia eta naturala aldarrikatzen du Anjel Lertxundik: “Hizkuntzaren bizkartzainak, arauaren itzal luzea, akatsen aurkako gurutzada… Hori guztia bizi izan dugu, bizi dugu. Ez beti hizkuntzaren bizipozezko etekinen faboretan. (…) ‘Behin batez, dio Montale poetak, izan zen hutsik gabe mintzatu zen bat eta ez zion inork ulertu. Azken hiztuna zela pentsatu zuen’. Baina gertatu zen jendeak natural-natural segitu zuela hizketan. Akatsekin noski”.

                 Euskararen erabilerak gora egingo badu, euskaldunok sustatzaileak izan beharko dugu, beraz; ezin gara hiperzuzentzaileak izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak