Bergarako EAJ-PNVren udal taldeak aurrerapauso bat eman du herriko garapen ekonomikoa eta industriala bultzatzeko. Duela hilabete batzuk EH Bilduren Udal Gobernuari enpresa berriak erakartzeko eta industria-sarea indartzeko neurriak hartzea eskatu ondoren, eta aurrerapausorik ez dela izan ikusita, jeltzaleek ekimena hartzea eta Bergararentzat aukera berriak bilatzea erabaki dute.
Ildo horretan, Bergarako EAJ-PNVko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako industria-garapenerako agentziarekin bildu ziren joan den astean, herriko industria-eremuek inbertsioak erakartzeko, jarduera ekonomiko berriak sustatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertzeko.
Kepa Sebal Lazpiur udal talde jeltzaleko bozeramaileak kezka agertu du herriaren egoera ekonomikoaren aurrean: “Bergarak potentziala, industria-tradizioa eta hazten jarraitzeko gaitasuna ditu, baina estrategia argia eta jarrera aktiboa behar ditu inbertsio berriak erakartzeko. Duela hilabete batzuk EH Bilduren Udal Gobernuari norabide horretan lanean hasteko eskatu genion, eta aurrerapausorik ez dagoela ikusita, guk geuk pausoa ematea erabaki dugu. Ezin gara zain geratu inguruko beste herriek aurrera egiten duten bitartean”.
Bergara, Debagoieneko batez besteko ekonomikoaren azpitik
Datu ekonomikoek agerian uzten dute Bergarako industria-jarduera indartzeko beharra. Azken datuen arabera, Bergarako biztanleko Barne Produktu Gordina (BPG) 43.339 eurokoa izan zen, Debagoieneko batez bestekoa baino % 13,3 txikiagoa. Eskualdeko batez bestekoa 49.984 eurokoa izan zen.
Aldea bereziki nabarmena da eskualdeko beste udalerri batzuekin alderatuta. Oñatik 64.042 euroko BPGa izan zuen biztanleko, Bergarakoa baino % 47,77 handiagoa; Arrasaten, berriz, 53.249 eurokoa izan zen, Bergarakoa baino % 22,85 handiagoa.
Egoera horri gehitu behar zaio, talde jeltzaleak adierazi duenez, azken zortzi urteetan Bergaran industria berririk ez ezartzeaz gain, lehendik zeuden industria batzuk herritik joan direla. EAJ-PNVren ustez, egoera hori kezkagarria da Bergararen etorkizun ekonomikorako.
“Datuek erreakzionatzeko balio behar dute. Kontua ez da inguruko herriekin lehiatzea, Bergarak duen potentzial guztia aprobetxatzea baizik. Industria funtsezkoa da aberastasuna sortzeko, lan-aukerak eskaintzeko eta gure herriaren etorkizuna bermatzeko. Horregatik, plangintzaz eta anbizioz jardutea ezinbestekoa da”, adierazi du Sebalek.
EAJ-PNVk rol aktiboa hartzeko eskatu dio Udal Gobernuari
EAJ-PNVren ustez, Udalak funtsezko eginkizuna du herriko ekonomia sustatzeko, eta modu aktiboan inplikatu behar du inbertsio berriak bilatzen, beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzen eta dauden industria-eremuak aprobetxatzen.
Testuinguru horretan, talde jeltzaleak uste du Eusko Jaurlaritzako industria-garapenerako agentziarekin izandako bilera lehen urrats garrantzitsua dela aukera berriak aztertzeko eta Bergarako ekonomia- eta industria-sarea indartzeko lankidetza-bideak zabaltzeko.
“Udala ezin da mugatu enpresak bere kabuz noiz iritsiko zain egotera. Inplikatu egin behar du, aukerak bilatu eta erakundeekin zein eragile ekonomikoekin elkarlanean aritu. EAJ-PNVtik dagoeneko lanean hasi gara, Bergarak ekintza zehatzak behar dituela uste dugulako, eta ez asmo onak bakarrik”, nabarmendu du bozeramaileak.
Azkenik, EAJ-PNVk berriro eskatu dio EH Bilduren Udal Gobernuari industria-garapena bere lehentasunen artean kokatzeko eta enpresa berriak erakartzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta Debagoieneko gainerako udalerriekiko alde ekonomikoa murrizteko estrategia bat lantzeko.
“Bergararen etorkizun industrialak ezin du itxaron. Gure konpromisoa lanean jarraitzea eta aukera berriak bilatzea da, gure herriak aurrera egin dezan, enplegua sor dezan eta datozen belaunaldiei aukera gehiago dituen etorkizuna eskain diezaien”, amaitu du Sebalek.