Badira bi urte eta erdi lehenengo erreklamazio formala idatzi nuela Antzuolako anbulatorioan; tamalez, gaur erreklamatzeko dudana baino zerbait hobea izan arren orduko egoera: Antzuolara astean behin arratsalde partean etortzen zen pediatra anbulatoriora. Soilik errebisioak egitera. Larrialdiren batean, Bergarako anbulatoriora edo Arrasateko urgentzietara mugitu beharrarekin, umeak aldean hartuta: izan 40ko sukarrarekin, izan botaka… Edozein modutan. Maiatz inguruan hasi eta irailera arte, asteazkenetan ere ez zen etortzen pediatrarik Antzuolara: ez omen zegoen ordezkorik, udako oporrak zirela-eta Bergarako zerbitzua lehenesten zutela eta abar.
Erantzuna: "Eskerrik asko zure erreklamazioagatik. Ahal duguna egiten dugu".
Ordutik, bi urte pasata, berriz gure umearen errebisioa, eta orduan, "Antzuolan ez dago pediatrarik" izan zen erantzun zidana telefonoz beste aldean zegoen langileak. Benetan? Nahi banuen probatzeko denbora batera berriz deitzen, ea zerbait aldatzen zen. Eta horixe egin nuen behin eta berriz. Udaletxera joan, eta alkateak, bere esku zegoena martxan jarriko zuela. Beronek jasotako erantzuna, irailaren 15ean jarriko zela berriz martxan zerbitzua Antzuolan. Azaroaren 25a izanik, gure umearen errebisio txandarik ez Antzuolan. Ez dago pediatrarik, momentuz. Nahi badugu, Bergaran.
Lehen egoera eskasa zela, eta orain? Inork esango al digu zer egin dezakegun Antzuola bezalako herri txikietan bizi garenok? Ez al dituzte, ba, gure umeek herri handiagoetako umeen eginbehar eta eskubide berak? Egoera aitzakia hartuta, dena libre? Eta, nola ez, beti bezala, zaurgarrienen kontrara.
Gure umeak denon umeak dira, eta, etorkizun hobea nahi baldin badugu, orain hobea lortu beharko dugu. Gutxieneko batzuk ere ez baldin baditugu, nola?
----------
Enara Agirre
Antzuola