Ibon Arrupe eta gizonen supremazia

Erabiltzailearen aurpegia Eva Abuin 2020ko urr. 23a, 00:00

Ibon Arrupe zinegotziak orain dela bi aste publiko egin zuen iritzi artikulua hitz batekin laburtu daiteke: lotsagarria.

Bost urte baino gehiago Udal Gobernutik zerbitzu publikoak kudeatzen eta sistematikoki berdintasun politikak baztertzen… eta aho bete hortz uzten gaitu hirigintzako ikuspegi feministaren falta prentsan salatzen, hirigintzan gizonek dauzkaten pribilegioak kritikatzen eta genero inpaktuaren gainean hausnarketa egiten.

Arraroa, ezta? Tamalez, ez.

Arrupek feminismoaz baliatu nahi du bere alderdiaren proiektu politiko bat justifikatzeko, Grupo San Juango arkua bizilagunen nahien aurka botatzea bilatzen duen proiektua.

Posible da aurpegi gogorragoa izatea? Arrasateko EAJk, eta, kasu honetan, Ibon Arrupe zinegotziak, purplewashing-aren –zuriketa morea– adibide paregabea eskaini digu, feminismoa azaleko eran erabiliz, instrumentalizatuz propaganda egin eta politika atzerakoiei aurpegia garbitzeko.

Mugikortasun planean ez zenuen ikuspegi feminista kontuan hartu eta emendakin bat aurkeztu behar izan nuen zuk kudeatzen zenuen –eta duzun– batzordean. Emendakina onartu zenuten, baina onartu ez bazenute bezala, behin eta berriz urratu duzuelako. Non dago genero ikuspegia beste proiektu guztietan, Ibon?

Arrasateko emakumeen aitortza pleno aretoan dauden erretratuetan islatzearen aurka bozkatu zenuen –lau erretratu daude, eta laurak gizonak; EAJren ustez, historian zehar ez omen dago leku hori merezi duen emakumerik–.

Nire aurpegiaren aurrean genero ikuspegia aurrekontuetan txertatzearen aurka bozkatu zenuen… Orain, hirigintzan bai eta udal aurrekontuetan ez?

Zure gobernukidea bukaerara arte defendatu zenuen indarkeria matxista salaketa bat zuela –zinegotzi hau gaur egun ez dago udalbatzan… zerbaitengatik izango da–.

Ibon Arrupe, gizonezko izateak eta boterezko lekua izateak dakartzan pribilegioetatik idatzi duzun artikulu lotsagarriak, feminismoaz baliatzeko eta bizilagunak kontra dauden proiektu politiko bat justifikatzeko, penagarria da –bizilagunen iritzia kontuan hartzen ez duen proiektu bat feminista izatea oso zaila da–.

Zuk eta ezta zure alderdiak (EAJ) ez duzue inongo zilegitasunik politika feministen gainean lezioak emateko. Argi eta garbi utzi duzue artikulu honekin ez duzuela ezer ulertu.

----------

Eva Abuin

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak