Kronika txiki hau idazten dut gehienbat urte hauetan guztietan musikaren munduak jasan duen aldaketaz hitz egiteko. Agian gaur egungo krisi ekonomikoak, alkoholemia kontrolek, garai berri batzuetan bizi garelako, edo ez dakit zerk bultzatuta, baina talde "txikien" —niretako handienak— egoera ez da batere ona ikusleriaren aldetik.
Duela bi urtera arte Elgetako gaztetxera ehun lagunetik gora erraz ekartzen genituen antolatutako kontzertua edozein zela ere. Azken bi urtetik hona, aldiz, oso zail bihurtu da jende kopuru hori lortzea. Hori bost euroko sarrera xumea ipinita. Eta noski, azkenean, kontuak ez dira irteten; ekipoa, taldeak, afaria, kartelak... Aldiz, indarra hartu dute makro-kontzertuek. Izen bat asmatu, atzetik rock hitza ipini, eta 5.000 lagun elkartzen dira 30 euroko sarrera ordainduta. Taldeek, gehienetan, ez dute diru sarrerarik izaten, baina promoa lortzen dute. Kronikatxo honekin ez dut nahi jendearen ikuspunturik ez gusturik aldatu. Berdin zait bakoitzak zer egiten duen bere diru eta gogoekin, baina jakin makro-kontzertuetako talde horiek egun batean zuen herrietako gaztetxeetan ibili zirela, eta jendea ikustera joaten zelako irten zirela.
Beraz, animatu eta babestu zuen herrietako gaztetxe eta taberna rockeroak.