Gipuzkoako txirrindularitzak, aurreko urteko denboraldi bukaeratik egindako etenaren ondoren, hau izan da gaztetxoen denboraldiko lehen lasterketa.
Asteasuko Elizmendiko zelaietan 200 txirrindularitik gora elkartu ziren 3 kategoriatan banatuta: benjamin, alebin eta infantil mailan. Aurreko egunetan eta goizean bertan egindako euriagatik erabat lokaztutako ibilbidea eduki zuten. Hiru ibilbide ezberdinetan zehar taldeko 5 txirrindularik hartu zuten parte. Benjamin kategorian Ekain Garrok parte hartu zuen, eta ederki moldatu zen Asteasuko zelai lokaztuetan lasterketa polita eginaz.
Alebin kategorian Amets Esnal eta Maddi Agirretxek parte hartu zuten, hauen ibilbidean zelai lokaztuez gain, oztopo ezberdinak eduki zituzten zeharkatzeko; gozatu ederra hartu zuten biek ala biek ibilbidean zehar.
Azkenik, infantil kategorian Oxel Kortabarria eta Nile Agirretxe lehiatu ziren. Hauen ibilbidea luzeagoa eta gorabeheratsuagoa izan zen. Lasterketa bikaina burutu zuten taldearen aurreko muturrean ibilita. Nilek infantil kategoriako lasterketa irabaztea lortu zuen.
Zapatuan Irunen
Hurrengo hitzordua datorren larunbatean izango dugu Irunen. Zorionak parte-hartzaileei eta baita lasterketa hau antolatu duten Aiztondo eta Danena kirol elkarteei eta Asteasuko Udalari ere.