Infantil mailan Markel Diazek, Unai Oyonek, Aratz Larrañagak, Aimar Etxanizek, Katixa Navarrok, Ainhoa Plazak eta Izaro Ezpeletak parte hartu zuten.
Nesken kategorian, Ainhoa eta Katixa lasterketa guztian tropel buruan bikain aritu ziren. Lasterketako azken itzulian Katixak tropel burututik ihes egitea lortu zuen eta lehen postuan helmugaratu zen. Ainhoa tropeleko esprintean sartu zen eta laugarren postua eskuratu zuen. Izarok eroriko bat tarteko lasterketa utzi behar izan zuen. Era honetan, Izarok Gipuzkoako txapeldun ohiak lekukoa pasa zion Gipuzkoako txapeldun berriari, bere taldekide Katixari.
Mutilen kategorian, Dorletako txirrindulariak ere bikain aritu ziren. Tropel buruan adi ibili ziren eraso guztiak saihestuz. Amaierako itzulian, Dorletako Markelek eta Unaiek esprinta lehiatzea lortu zuten, Markelek hirugarren postua eskuratuz eta Unaiek laugarrena.
Alebin mailan Nile Agirretxe izan zen Dorletako ordezkari bakarra eta erakustaldia emanaz nagusitu zen. Lasterketako lehen biratik ihes eginda ibili ondoren bakarrik iritsi zen helmugara lasterketako azken bi birak gurpil zulatuarekin eginez.
Datorren astean Zumaian ospatuko den Gipuzkoako taldekako erlojupeko lasterketan izango dute hitzordua txirrindulariek, ea bolada bikainari jarraipena eman diezaioketen.