Autogolaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Diego Martiartu 2014ko mai. 23a, 00:00

"Niri beti iruditu izan zait interesgarriagoa autogol bat sartzea gol bat sartzea baino.

Gol bat sartzea arrunkeria nabarmena eta kontrako atezainari egiten diozun deskortesia handia da, zuk ez duzulako atezain hori ezagutu ere egiten eta berak ez dizulako ezer egin; autogol bat sartzea, berriz, independentzia-keinu bat da". 

Demagun Neymarrek Roberto Bolañoren goiko berba horiek irakurri dituela eta halako txinparta bat piztu zaiola buru-bihotzean, eta aurtengo Mundialean, demagun, Alemaniaren kontrako finalean, Maracana estadioa bor-bor, azken minutuan, bana markagailuan, independentzia-keinu bera egitea erabaki duela eta gola bere atean sartu duela, eskumako zutoinak eta langak osatzen duten angeluari amaraun guztiak kendu eta hamarratza baloian pega-pega utzita.

Ikusleak, harmailetan txingurri, mutu gelditu dira. Jokalariak, bai brasildarrak bai alemaniarrak, harri eginik zelaian. Baina demagun, halako batean, Neymarren independentzia-keinuaz kutsatuta, txinparta batek dardarazi dituela Maracanara bildutakoen buru-bihotzak. Talde bietako jokalariak, baita epaileak eta entrenatzaileak ere, Neymar besarkatzera joan dira arineketan, zaletuen txalo artean. Independentzia-keinuak sortutako txinparta mundu guztira zabaldu da berehala. Mikel Gonzalezek sekulako gola sartu dio Bravori Anoetan. Denak poz-adurretan.

Orain partidak beste modu batera planteatzen dira: atzelariak aurkarien ate aurrean jartzen dira, eta aurrelariak norberarenean, taldeen helburua autogolak sartzea eta kontrakoen autogolak ekiditea baita. Jakina, atezainei markaketa zorrotza egiten zaie, euren area barruan baloia eskuetan hartuz gero samur egiten dutelako autogola.

Berriro hasi dira jokalarien arteko demandak, liskarrak eta haginkadak. Harmailetakoak juramentuka. Abian da lehia. Ramos: txartel gorria eta kalera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak