... independentziarako bidean datozen hiletan egingo duten ahaleginean. Susmoa dut Masek-eta zerbait adostu nahi izango dutela Raxoirekin erreferendumarena aparkaturik uzteko. Fede handia daukat, ordea, kataluniarrek osatu duten olatu independentista erraldoian. Politikari nazionalisten epeltasunak epeltasun, independentziarako antsia hori geldiaraztea oso zaila izango delakoan nago, Eskoziakoa ere hor dagoela kontuan hartuta. Betiko moduan, espainiar unionistek Eskoziakoa eta Kataluniakoa oso egoera desberdinak direla diote. Nik uste dut, prozesuok aurrera eginez gero, desberdintasuna amaieran ikusiko dela. Hara:
1-Eskoziarrek parlamentu bat aukeratzen dute demokratikoki / Kataluniarrek parlamentu bat aukeratzen dute demokratikoki.
2-Eskoziar parlamentuak independentziari buruzko erreferenduma eskatzen du / Kataluniar parlamentuak independentziari buruzko erreferenduma eskatzen du.
3-Britainia Handiko legeek ez dute horrelakorik egiten uzten / Espainiako legeek ez dute horrelakorik egiten uzten.
4-Legezko biderik ez dagoela-eta, britainiar gobernuak adierazten du behar diren bideak irekitzeko asmoa duela eskoziarrak beren geroari buruz argi eta demokratikoki mintza daitezen / Legezko biderik ez dagoela-eta, espainiar gobernuak adierazten du bide guztiak itxiko dituela kataluniarrak beren geroari buruz argi eta demokratikoki mintza ez daitezen.
5-Eskoziarrek erabaki egingo dute. Kataluniarrek ez. Britainiar irletan bakean biziko dira eta Espainian itzelezko txolopotea sortuko da, betiko moduan. Eta gero etorriko dira negarrak, jakina: Zergatik gertatzen zaigu hau?
Izan ere, kontua ez da Eskoziak eta Kataluniak elkarren antzik duten; kontua da Britainia Handiak eta Espainiak ez dutela batere antzik, ezta arrastorik ere.