"Aulki esterkorarioa"

Erabiltzailearen aurpegia Diego Martiartu 2012ko eka. 29a, 02:00

San Joan egun seinalatua igaro berritan...

... zilegi bekit Joana Ama Santuaren istorioa berripaper honetara ekartzea. 822. urtean Ingelheim am Rhein-en jaioa, txiki-txikia zelarik erakutsi zituen Joanak buruargitasun apartekoa, talentua eta ikasi nahi asegaitza. Garai hartan, baina, eliz karrerak baino ez zuen bermatzen ikasketa ibilbide sendo bat, eta gure Joana, mutil jantzirik eta gizon plantak eginez, erlijioaren munduan sartu zen Johaness Anglicus gezurrezko izenez: trabesti bat avant la lettre. 855eko uztailean, ondo merezitako igoera meteoriko baten ondoren, Aitasantu kargua hartu zuen Joanak Benedikto III.a edo Joan VIII.a izenez. Handik bi urtera, Sajoniako Lanbertorekin izandako haragizko harremanaren ondorioz haurdun zegoelarik, Joana uzkurdurekin hasi eta prozesioan zihoala, kale gorrian bertan eta jende guztiaren bistan erditu zen.

Kristau zintzoek, ustezko Aita Santuaren tripa puztua, sabelkeriari baino, sabelpeko apetentziei zor zitzaiela ohartuta, berehalakoan hil zituzten harrika inpostorea eta haren ume sortzez lohia. Gero, gorpuak zaldi baten buztanari sokaz lotu eta arrastaka eraman zituzten kalejiran, haurren zein adinekoen gozamenerako. Justizia zerutiarra lurrean garaile, once again.

Berriro ere halakorik gerta ez zedin, tramankulu bat asmatu zuten Vatikanoan: aulki esterkorarioa. Komun izandako bat birziklatu eta zulodun tronu bihurtu zuten Aita Santu hautatu berriari gizontasunaren froga egiteko. Aulkiak bazuen aurrealdean beste zulo bat, ukabil baten neurrikoa, diakono batek eskua sartu eta pontifize gorenaren atributuak gizonezko bati zegozkionak zirela egiaztatzeko. Behin gizontasuna egiaztatuta, zeremoniara bildutako denek entzuteko moduan esaten zuen diakonoak: Testiculum habet et bene pendebant! (Hemen badago potrorik dilin-dalan zintzilik!).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak