... izango da bilkura zaratatsuagorik… higuingarriagorik ordea… ez. Aste Santuko prozesioez ari naiz, jakina. KKK-ko txano puntadunak danbor hots monotono tetrikoak Jesukristo gurutziltzatua San Pedroren oilarra Judas Iskariote eta sursum corda! Mutikotan, telebistan ikuste hutsarekin ondoezak jotzen ninduen eta ondo gogoan dut behin pota karra bota nuela egongelako alfonbra gainera. Txahal berdea zen, bike lirdinga. Exorzistari deitu ala ez, gurasoen kezka.
Egun santu hauek eragiten didaten atzerakada ez dut atzo goizekoa. Baina kontua tradizioak eta inoren ohiturak errespetatzea baita, ikasi dut Oñatiko Balmasedako Sevillako prozesio horiei guztiei ezikusi egiten. Aste bateko kontua da atzen finean. Aste okaztagarri bat. Pazientzia pittin bat eta pasatu da; gripea bezala. Dena pasatzen da. Instantekoak gara eta nor bere zoroak bizi du. Libre gara eskizofreniaren mundu harrigarrian sartzeko Goikoarekin wifi barik komunikatzeko sineskerian bizitzeko geure burua gura dugun moduan izorratzeko.
Negargarria iruditzen zait ordea inguruko mendiak, Udalatx Muru Kurtzebarri Aloña Tellamendi, gurutzez josita egotea. Erlijioa bizi dezala bakoitzak bere golkoan edo horretarako prestatutako txiringitoetan: elizan meskitan San Mamesko katedralean…
Gurutzea gizakiak torturatzeko eta akabatzeko tramankulu bat da. Ez diot ikusten beste misteriorik. Berdin-berdin zaizkit mendian urkamendia aulki elektrikoa garrote vil eta gurutzea. Denak dira ilunak goibelak tristeak. Barka, kristau finok, baina zapatu domeka goizetan ez dut sadomasorako gorputz-arimarik izaten. Gurago txoriei entzutea loreak usaintzea, paisaiaz gozatzea… Errespetuz eskatzen dizuet: ken itzazue gurutze horiek guztiak nire begien bistatik, otoi, mendi irteerak ez daitezen gehiago Golgotarako gurutzebide izan.