"Arantxa"

Erabiltzailearen aurpegia Diego Martiartu 2012ko ots. 29a, 01:00

Ez zait ahaztuko. Chicagoko jatetxe italiar batean...

... zerbitzari nenbilela ezagutu nuen Arantxa Sanchez Vicario 1990ean. Afaltzera etorri zen amarekin eta lau lagunekin. Hastear zen Virginia Slims tenis txapelketa. Entsalada ekarri nionean trabatu ginen berbetan, mexikarra ez nintzela ohartu zenean. Arantxaren amak, Marisak, berehalaxe sartu zuen bere mutur luzea gure artean. Mutur luzea, haginez betea. Ez zait ahaztuko Arantxak atzera egin behar izan zuela orduan, amak hartaratuta. Etsipenez, errukiz begiratzen zidan Marisa Vicarioren galdetegi aspergarria jasaten nuen bitartean: ea nondik nora nengoen ni han, munduaren beste puntan, ea aita-amak ez nituen faltan sentitzen… Hasten nintzen zerbait erantzuten eta beste galdera batekin afusilatzen ninduen. Azkenean, lanaren aitzakian passing shot bat egin eta hanka egin nion sorginari. Arantxa, berriz, triste-triste.

Behin jatekoak amaituta, mahaira inguratu nintzen berriro platerak batzera. Isil-isilik, Arantxak tenis partida bi ikusteko lau txartel eman zidan mahai azpitik. Sarrera haiekin Navratilova, Tauziat eta Arantxa bera ikusi nituen, besteak beste.

Galdu egin zuen Arantxak, baina ez zait partida sekula ahaztuko. Larrinoko zelaietan moxalak saltoka ikusten ditudan aldiro, Arantxaz akordatzen naiz, baita atsoak muturra sartu ez balu gure artean gerta zitekeenaz ere… Arantxa: jostailu hautsia.
Jakin dut gurasoek eta nebek 45 milioi euro garbitu diotela eta xemaiko barik utzi dutela koitadua. Lasai Arantxa, 40 urte baino ez daukazu eta oraindik garaiz zaude erraketa esku artean hartzeko. Hara, nire herrian, Arrasaten, tenisaren urrezko belaunaldia loratu da bat-batean, ustekabean: Balzategi, Errasti, Lasaga… denek ere 40 urte beteta, baina hori bai, beti ondo-ondo zainduta eta sekula dopatu barik… Zuk ere ahal duzu, ¡Vamos, Arantxa!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak