"Виктор Александрович"

Erabiltzailearen aurpegia Diego Martiartu 2011ko aza. 23a, 01:00

Aro bat bukatu ei dela-eta, atzerako ispilutik begira jarri naiz ni ere...

... gatzezko estatua bihurtzeko beldur barik: Sodoma eta Gomorratik gutxi –gutxiegi aukeran– gibelean utzi berri dugun garaian.

Oroimenean duela 25 bat urte gordetako artxibo maiztuetan araka nabil eta gauza interesgarri askoak aurkitu ditut, ez bakarrik gatazkarekin lotutakoak, baita bestelakoak ere. Horien artean bat, 80ko hamarkadako Sobiet Batasuneko saskibaloi taldea: Sabonis, Volkov, Tkachenko, Belosteny, Sergei Tarakanov, Jovaisa, Kurtinaitis, Valdemaras Chomicius, Valeri Tikhonenko… eta denen artean zirrararik handiena eragin didana, Viktor Pankraxkin: 2 m 14 cm-ko tantaia, ilaje koipetsua buruan, tripazorro ederra agerian, bibote beltz ilesarria. Zatarra aurpegiz zein gorpuzkeraz, moldagaitza takarradan, akabera bako tristura haren begi-putzuetan.

Sabonis eta Tkachenko erraldoien ostean erdi-ezkutuan, taldean nabarmentzeko inolako anbizio barik, Pankraxkin zientoka txapel jartzen ikusia naiz ene begiokin. Erasora jotzen zuenean, berriz, ikustekoa zen zelan kokatzen zen isil-isilik pistaren izkina-izkinan, baloia uso bat balitz bezala eskuetan hartu eta ezti-ezti jaurtitzeko: ttak, barrura; eta hurrengoan ere berdin: ttak, barrura…

Eliteko kirolari bati dagozkion tasun fisikoetatik bat ere eduki barik, bere-bereak zituen dohainei esker ibili zen saskibaloiaren gailurrean hainbat urtean. Gertuago zegoen jainkoen mundutik gizakienetik baino, Cristiano Ronaldo gizatasunetik baino okela pikatzeko robot batetik gertuago dagoen bezala.

Wikipedian jakin dut Pankraxkinen berri. Ez nau ustekabean harrapatu: hirukoak uztaian sartzen bezain abila ei zen partida aurretik vodka botilak hirunaka trinkatzen, eta 1993an hil zen, zeharo jareginda, 36 urterekin. Ez zen mundu honetarako jaio. Edozelan ere, zauden lekuan zaudela, spasiba, Viktor Pankraxkin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak