Baziren buzoa jantzita kantari zebiltzanak, Basagoiti itxurakoak, etxekoandre prestuak, oreinak goxo-goxo, eta deigarriena, jangelako estanpa: %100ean psikopata begiak dituen morroi adoretsua kantuan hasten denean eta beste guztiak abduzituta bezala jarraitzen diotenean…
Erakustaldi koral paregabea. Enpresetan horrenbeste aipatzen den "bikaintasunaren" eredu aparta: euren enpresa eta lanpostuekin erabateko konpromisoa hartua duten langile xumeak, denbora guztian norbera babesteko ekipamenduak eta prebentzio neurriak agerian, garbitasun kirofanikoa, ikuste hutsarekin bertan buruz behera murgiltzeko gogoa ematen duen pistina aratza.
Bideoa ikusi ostean, baina, hauxe izan zen aipatutako guztiaren gainetik atera nuen ondorio nagusia: zentral nuklear batean lan egiteak sormena bizkortzen du. Beste zer egin hoberik ez eta Sobroneraino joan nintzen atzo automobilez, ea sormenezko isuri handi horren partikularen batzuk pegatzen zitzaizkidan.
Emaitza atrebentzia handiz dakarkizuet orriotara, ni ere animatu naiz eta, paparrean urrezko Q-a zintzilikatuta INEMeko ilarara joaten diren langile tristeen gaineko rapa idaztera. Izenburua: ISO-txaQrrak.
Kalitateaz gainezka/ gure fabrika zen festa/ horretxegatik jarri ziguten/ paparrean urrezko Q-a/ Den-denok geunden puztuta/ ISO-arauak konplituta/ orduan jarri gintuzten/ enpresarioen alturan/ Langile Jaun Agurgarriak/ enpresarioen alturan.
Egin zuten plan bikaina:/ lantegian sartu kaña!/ kontrolatzeko, kontrolatzeko/ lankideen mugimenduak/ Gero-etorri zen krisia/ lan eza, kale gorria/ egun batetik bestera/ kale txakurren lekuan/ Langile Jaun Agurgarriak/ kale txakurren lekuan.
Hau da hau infernua/ kasik ohartu gabe/ egin digute Q-a / ipurdiko zuluan!