Diego Martiartu: "Achtung! Figuranteak"

Erabiltzailearen aurpegia Diego Martiartu 2011ko ots. 11a, 01:00

Urteen joanean behin eta berriro egindako hausnarketen eta behaketen ondoriozko emaitzaren berri eman behar dizuet:

herri honetan badago batzuoi konpainia "itsaskorra" egiten tematzen den figurante mordoa. Hasieran irudipen hutsa zena, urteen poderioz, ezin ukatuzko egitate borobila izatera pasatu da niretzat, eta uste dut zuon arteko bat baino gehiago bat etorriko dela nirekin, esatera noana ondo esaten asmatzen badut.

Arrasateko kaleetan gora eta behera hamaika zapata higatu zaigunoi ez zaigu oharkabean pasatu badirela kasik jaio ginenetik gurekin, figurante hutsak ez garenokin, herriko dekoratua partekatzen duten pertsonaia deseroso batzuk: figuranteak. Lehen uste nuen gu bezalakoak zirela, baina ez, gure ondoan dabiltza, espaloian gurutzatu egiten zaizkigu, Eroskin patatak pisatzen ikusten ditugu… eta hain dirudite normalak, non normalak direla diruditen. "Bistaz" ezagutzen dituzun horiexek, bai. 40 urtetik gora behar izan dut konturatzeko infiltratu horiek figuranteak baino ez direla, nire moduko hankabikoen plantak egiten dabiltzan konpartsak. Pentsa, halabeharrak, patuak edo dena delakoak denboraren eta espazioaren erabateko infinituaren barruan elkartu bagaitu ere, elkarri sekula ez diogu hitzik esan, eta ez dakigu euren izena zein den ere. Hor bada mutur ezkuturen bat.

Atzerria da figuranteei mozorroa kentzeko lekurik onena: behin ikusi nuen herriko figurante bikote bat Parisen, eta agur egin behar nien unean bestaldera begiratu zuten disimuluz. Tira, iaz deskubritu uste izan nuen bat, ikusi eta nire autoarekin bere autoaren kontra gurata joan nintzenean. Paperak bete ostean esan nion: "Aizu, esan egia: figurante bat zara eta harrapatu egin zaitut…"; eta berak: "Eskerrak esan duzuna, neuk ere horixe pentsatzen nuen-eta zutaz!". Figuranteen zerrenda bat egin genuen elkarrekin, eta orain "ekintzak" prestatzen hasi gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak