... izugarrizko zartada eman dit gerrialdean. Izarrak ikusi ditut une batez.
Norbaitek atzetik ezpata sartzea lako zera zorrotz bat izan da. Izarrak deseginez joan dira poliki-poliki eta atzera ere, kontuz-kontuz eta eskuak ohearen ertzean ondo bermatuta, zutik jartzeko ahalegin alimalekoari ekin diot.
Bizkarrezurrari olazi baten modura eutsi ezik, gezi hotz batek zeharkatzen dizkit ornoak behetik goraka.
Funanbulismoa eginez lortu dut azkenean zapata sokak lotzea. Eskoba makila bezain tente jaitsi ditut atarteko eskailerak. Kaleko atarian goiko bizilagunarekin gurutzatu naiz. Kiropraktikotik ei dator, diskoko hernia bi daukala eta. Komentatu diot bizkarrean izandako zartadarena eta esan dit oso ohikoa dela hori behin adin batez gero, baina umeak ere ez direla libratzen; izan ere, bere semeari Werdnig-Hoffmann-en eritasuna edo haurtzaroko muskulu atrofia espinala diagnostikatu diote oraintsu.
Hankak tarras eraman ditut kafea hartu ohi dudan tabernaraino. Han, tabernariak eta ohiko bezeroek espondilolistesia, espasmo bidezko lunbagoa, artrosi unkobertebrala eta era orotariko bizkarreko gaixotasunen gaineko xehetasunak eman dizkidate.
Zein obsesio buruan, huraxe ikusi leku guztietan. Ene burua haurdun diren emakumeak ikustera bortxatu dut azkenean, bizkarrezurrak uxatu guran. Begiak itxi, arnasa sakon hartu… eta sorbaldan eskua jarri didanak ekarri nau berriro lurrera. Nagore da eta sabelean Niveako baloi bat sartu diotela ematen du. Ama Birjina begitandu zait, zortzi hileko egon arren: "Zer moduz, noizko?", "Ba hilabete barru, dena ondo badoa…", "…?", "Medikuarenean izan naiz orain, eta esan dit ohean egon beharko dudala erditu arte, nerbio ziatikoa ukituta ei daukat eta…".