Kluba sei kirolarirekin joan zen (lau kadete mailakoak eta bi infantil mailakoak. Erritmoz betetako txapelketa izan zen: borroka musikatuak, ippon onenei saria, dantza ikuskizunak, arte martzialen erakustaldiak, ikusleak tatami ertzean finalak ikusten...
Hitzorduak mundu osoko kirolariak bildu zituen, hala nola Ingalaterra, Ukrania, Suitza, Egipto, Espainia, Euskadi, Holanda, Alemania, Madagaskar, Frantzia...
Kadete Maila eta nazioarteko podiumak
Martin Garmendia eta Lizar Garmendia: Hiru borroka bikain osatu zituzten tatami gainean. Maila handian lehiatu eta borrokatu baziren ere, ezin izan ziren azken blokerako sailkatu, baina klubaren gogo eta kalitatearen lekuko izan ziren. Azpimarratzekoa da Lizarren meritu handia, lehiaketa honetan pisu kategoria berriari aurre egin baitzion, -66 kg-tik -73 kg-ra aldatu ondoren, egokitzapen bikaina erakutsiz.
Jare Urrutia: Geldialdi luze bat egin ondoren tatamietara bueltatzea espero zen honetan, 6 borrokako osatu zituen hirugarren postua lortzeko. Jarek pisu aldaketari egin zion aurre, -57 kg-ko kategoriara igaro ondoren. Emaitza honekin, urte bikaina borobildu du, Samboko Espainiako Txapelketan ere txapeldunorde izatea lortu baitu. Zorionak Jare, jarraitu horrela!
Beñat Ovejero: Txapelketa bikaina egin zuen, finalerako pasea lortuz. Lorpen hau pentsaezina zen ia, kadete mailako lehen urteko kirolaria baita (kategoriak hiru urte hartzen ditu barne), Toulousen zegoen nazioarteko maila altua ikusita. Beñatek argi utzi zuen lanarekin eta gogoarekin bidea egiten dela, denboraldiari amaiera bikaina ematen dion zilarrezko domina lortuz: Euskadiko txapeldunordea (Espainiako Txapelketarako sailkatua), hirugarrena Samboko Espainiako Txapelketan, urrezko domina Iruñeko Anaitasuna txapelketan, zilarra Legazpin eta, orain, txapeldunorde Toulousen. Zorionak Beñat!
Infantil Maila, urrezko arrobia eta etorkizuna
Haitz Urrutia: Lehiaketa gogorra burutu zuen 5 borroka gogor osatuz, eta brontzezko domina lortzeko gertu geratu zen. Nazioarteko paper bikain honek denboraldi borobila ziurtatzen du Haitzentzat; izan ere, aurten zilarrezko domina eskuratu du Euskadiko Txapelketan, eta urrezko domina Legazpiko eta Iruñeko Anaitasuna txapelketetan.
Alain Garmendia: Infantil mailako lehen urteko kirolaria izanda, Alainek 3 borroka bikain osatu zituen Frantziako tatamian, heldutasuna erakutsiz. Nazioarteko borroka hauek ikasturte honetako palmaresari gehitzen zaizkio: Gipuzkoako Txapelduna, Euskadiko Txapelduna, urrezko domina Iruñeko Anaitasuna txapelketan eta Espainiako Txapelketarako sailkatua.
Etorkizun olinpikoa: Euskal Selekzioa eta Basque Team proiektua
Frantzian izandako emanaldi bikain honek amaiera borobila eman dio klubaren denboraldiari, baina judoa ez da gelditzen. Kirolari hauen ibilbidea dela eta, Jokin Hurtado, Beñat Ovejero, Jare Urrutia eta Haitz Urrutia Euskadiko Judo Selekzioak hautatu ditu Basque Team (euskal talde olinpikoa) proiektuaren baitan teknifikazio taldean parte hartzeko. Gazte hauen etorkizuna oparoa da!
Gainera, denboraldi honetan lortutako emaitzei esker, Jare Urrutiak eta Jokin Hurtadok Goi Mailako Kirolari (DAN) ziurtagiria izateko merituak lortu dituzte, titulu honek dakartzan abantaila akademiko eta kirol-onura guztiez gozatzeko. Era berean, udako prestakuntza-stage-ekin jarraitzeko, Jare Urrutia, Jokin Hurtado eta Beñat Ovejero kirolariak Asturiasera joango dira laister, Llaneseko Stage-ean parte hartzeko.
Nazioarteko erronka berria: Tokiko enpresei dei egitea
Toulouseko arrakasta ez da helmuga, abiapuntua baizik. Datorren denboraldiari begira, Desoreka Judo Klubak erronka berriak hartuko ditu: nazioarteko txapelketa ofizialen zirkuitura jauzi egitea. Erronka berri honek munduko mailarik gorenean lehiatzera eramango ditu tokiko kirolariak.
Gaur egun euskal talde olinpikoaren (Basque Team) radarrean dauden eta Goi Mailako Kirolari (DAN) ziurtagiriak dituzten kirolariak izateak, berme bikaina eskaintzen die babesle izan nahi duten enpresei. Klubak laguntza-eskaera luzatzen die gazte hauek edo kluba babestu nahi duten enpresa eta erakundeei. Desoreka balio pedagogiko, akademiko eta kirol-balio oso sendoetan oinarritzen da. Helburua argia da: atletari bere kirol-helburuak eta ametsak lortzen laguntzea ikasketak alde batera utzi gabe, gizartearentzat baliotsuak eta konprometituak izango diren pertsonak heziz.
Tokiko talentua babestu nahi duten enpresa edo pertsona interesdunak klubarekin harremanetan jar daitezke posta elektroniko honen bidez: desorekajudo@gmail.com, edo telefono honetara deituz: 634 401 328.