Desoreka Judo Klubak distira egin du Espainiako Txapelketan, Arrasateko instalazioen gabeziak agerian geratu diren bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Desoreka judo kluba 2026ko martxoaren 16a

Jare Urrutiak eta Jokin Hurtadok zilarrezko domina lortu dute, eta Beñat Ovejerok brontzezkoa. Kluba pozik dago emaitzekin, baina kezkatuta Arrasateko Udalaren babes faltagatik.

ARRASATE – Joan den asteburuan, Desoreka Judo Klubako kirolariek Arrasateko izena ozen entzunarazi zuten estatu mailako elitean. Sambo modalitateko Espainiako Txapelketan parte hartu eta hiru domina garrantzitsu ekarri dituzte etxera, klubaren maila tekniko bikaina berretsiz. Hala ere, arrakasta honek badu alde gazi-gozo bat: kirolariek instalazio eskas eta desegokietan entrenatu behar izaten dute egunero.

Ibilbide oparoa duten txapeldunak

Hiru kirolari hauek ez direla hasiberriak gogorarazi behar da; judoan ere estatu mailako ibilbide aparta dute:

  • Jare Urrutia eta Jokin Hurtado: Biak ala biak Espainiako txapeldun izandakoak dira infantil mailan, eta Espainiako Kopa ezberdinetan podium ugaritara igotakoak.
  • Beñat Ovejero: Samboan lortutako brontzeaz gain, judoan ere Espainiako txapelketan brontzea eskuratutakoa da infantil mailan.

Diziplina ezberdinetan lehiatzeko eta borrokatzeko gai den gazte talde honek Desorekan entrenatzen du, herriko kirol-harrobiaren bitxietako bat dela erakutsiz.

SOS mezua Arrasateko Udalari: "Borondatea eta konpromisoa eskatzen dugu"

Emaitza hauek ospatzearekin batera, Desoreka Judo Klubak kritika zuzena eta irmoa helarazi nahi dio Arrasateko Udalari. Klubak salatu duenez, azken urteetan behin eta berriz laguntza eskatu badute ere, Udalak ez du inolako urratsik eman instalazioen egoera hobetzeko.

Instalazioen gabezia hauek ez dituzte soilik goi-mailako kirolariek jasaten; klubeko borrokari guztiek pairatzen dute egoera hau egunero. Desoreka ez da judoan soilik aritzen; Sambo, Jiu-jitsu eta Grappling modalitateak ere lantzen dira bertan, eta diziplina guzti horiek gaur egun ez dute behar bezala entrenatzeko espazio egokirik. Gaur egungo espazioak ez ditu neurri minimoak betetzen, tatamiaren erdian biz zutabe ditugu eta honez gain beste klub batzuekin partekatu behar dugun tokiak talde osoaren segurtasuna eta garapen tekniko-taktikoa oztopatzen du.

Udalak polikiroldegi berri baten proiektua esku artean duela jakin badakite ere, klubak argi utzi nahi du:

  1. Ekintza txikiak, aldaketa handiak: Inbertsio handien zain egon gabe, ekintza zehatzekin kirolari guztien egunerokoa erabat alda daiteke. Horretarako, ordea, konpromisoa eta borondatea behar dira, eta horixe da Arrasateko Udalari exijitzen zaiona.
  2. Nazioarteko erronka: Hurrengo urratsa nazioarteko zirkuituetan lehiatzea da, baina helburu hori ezinezkoa da etxean gutxieneko baldintza batzuk ez badituzte.

Desoreka Judo Klubak konpromiso erreal eta premiazkoa eskatzen dio Arrasateko Udalari. Klubak beere funtzio soziala burutzen jarraitzeko laguntza instituzionala premiazkoa du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak