Judoz beteriko aste bukaera bizi izan dute Desoreka judo klubeko kirolariek.
Larunbatean, Gipuzkoako alebinen kopa ospatu zen Urnietan. Bertan, Desorekako Labrit Alvarez, Unax Altuna, Aner Altuna eta Maria Barrutiak parte hartu zuten. Bikain ibili ziren Desorekako kirolariak, beraien ikaskuntzan sakonduz eta erronka berriei aurre eginez. Igandean, ordea, Gipuzkoako alebin txapelketa jokatu zuten Desorekako Markel Unamuno, Alain Garmendia, Roderik Peña, Oxel Roo, Aroa Isasa eta Uxue Auzmendik; hauek ere lan txukuna burutu zutelarik.
Domina zaparrada bereganatu arren, garrantzitsua da ikasketa egoera honi nola aurre egin dieten aipatzea. Emozioen kudeaketari garrantzia jarriz, akatsek uzten dieten ikaskuntzak hausnartuz eta judoaren barne logika ulertuz. Desoreka judo klubeko kirolariak balioa aspektu kualitatiboei ematen saiatzen dira.
Egia da guztioi gustatzen zaigula irabaztea baina kirolak irakurketa eta ikaskuntza sakonago bat duela dio Markel Urrutia Desoreka judo klubeko entrenatzaileak. Klubean irakaskuntzaren balio kualitatiboei ematen diegu garrantzia, slow learning-aren bitartez ikuspegi konstruktibista eta kognitiboak kontuan izanda. Judoak pertsona garatzeko baliabidea izan behar baita.
Etapa bakoitzean dagokiona garatzea da garrantzitsua, ez goi mailako kirolaren eredua lehiaketa hastapenean erreproduzitzea. Urte hauetan, judoa garatzea, ulertzea, entrenamendu ezberdinak gauzatzea, harremanei garrantzia ematea eta prozesuaz gozatzea da gakoa.
Adin tarte bakoitzean konpetentzia eta helburu jakin batzuk garatu behar dira eta hezkuntzan graduatutako irakasleen eskutik Desorekako kirolariek garapen hau hartzen dute kontutan. Kirolari bakoitzak bere ikaskuntza prozesuari egokitutako eduki, helburu eta konpetentziak garatu ditzan.
Zorionak Desorekers guztioi, denboraldi zoragarria burutu duzue!