Aurreko aste bukaeran, hilak 10 eta 11, Extremadurako Montijo herrira gerturatu ziren Desoreka judo klubeko kirolariak.
Jare Urrutiak 48 kiloz azpiko kategorian lehiatu zuen eta Jokin Hurtadok 38 kiloz azpikoan. Denboraldi luze eta gogor honetan Desoreka judo klubeko kideak parte hartzen duten seigarren kopa izan da hau. Jokin ranking nazionalean bigarren postuan zegoen eta postuari eutsi nahian bertaratu ziren Desorekako kideak.
Jokinek ligaxken faseko lehen 3 borrokaldiak irabazi zituen eta kanporaketetako fasean bikain jokatu zuen; ondorengo hiru borrokaldiak irabazita finalean sartu zen Jokin. Finalean bere arerio eta lagun den Ruben Yagüerekin borrokatu zuen. Borrokaldi gogorra izan zen eta ne wazako sekuentzia batean Jokinek lurrean eustea lortu zuen, baina azkenean Rubenek ihes egin eta zutik puntu bat sartu zion eta Jokinek bigarren postu lortu zuen eta honekin batera Ranking ean 2 postuari eutsi dio hirugarrenetik aldenduz.
Jare Urrutia ere bikain ibili zen, ligaxken fasean 3 borrokaldiak irabazita pasa zen. Ondoren Murtziatar baten aurka final laurdena irabazi eta finalerdietan De la Galaren aurka galdu zuen borrokaldi gogor baten ostean. Jarerentzat bere lehen podium nazionala izan da, 3. postuarekin itzuli zen Arrasatera. Jokinek ordea aurtengo 5. podiuma lortu zuen Kopa Españako lehiaketetan.
Denboraldi honetan Desoreka judo klubeko kirolariak asko ikasten dabiltza. Bidaiatzen, lagunak egiten, gogor entrenatzen, esperientzia berriak bizitzen, ametsak jarraitzen, pertsona moduan garatzen...baina kiroletik haratago doazen ideia eta konpetentzia asko ere garatzen dabiltza aurtengo denboraldian. Bizitzari aurre egiten ikasten, arazoei irtenbide posibleak aurkitzen (aurki daitezkeenean, batzuetan ezin da eta arazoei aurre egin...), frustrazioa kudeatzen, emaitzari garrantzia kentzen, alderdi positiboari balioa ematen eta emaitza hutsetik haratago dauden balio kualitatiboak bilatu eta hauei bere garrantzia ematen.
Denok dakigu kirolak zenbatu daitezkeen kontuak asko maite dituela, denborak, rankingak, luzerak, altuerak...denak aspektu zenbagarriak; baina aspektu kuantitatiboetatik at dauden aspektu kualitatiboek garrantzi handia hartzen dute ibilbide honetan (lehen aipatu ditugu aspektu ez zenbagarri hauek; garrantzi izugarria dutenak eta ez doazenak emaitza hutsera bideratuak, prozesuari eta hazkuntzari balio ematen diotenak hain zuzen). Aspektu hauei garrantzi ematen eta lantzen dabiltza Desorekako kirolariak...
Bejon deizuela #Desorekers, jarraitu honela izaten!!