Azaroaren 11ko greba orokorra, eta orain zer?

Erabiltzailearen aurpegia Debagoienako Kontseilu Sozialista

Bi aste pasatu dira greba egunetik. Bi aste, kaleak etxebizitzaren aldeko aldarriz josi eta langileon interesak erdigunean jarri genituenetik. Greba eta mobilizazioek argi erakutsi zuten etxebizitza eskuragarriaren aldeko eta espekulazioaren aurkako proposamenek babes eta oihartzun zabala dutela. Debagoieneko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik egungo egoeraren eta grebako dinamikaren balorazioa zabaldu nahiko genuke, bai eta hemendik aurrera antolatzeko eta etxebizitzaren alorrean aurrerapausoak emateko deia egin ere.

Etxebizitzaren auziak eztanda egin izana ez da kasualitatea. Krisi garaiotan, miseria areagotzen eta gizartearen zati handiago batera zabaltzen ari da. Bizitza gero eta garestiagoa da, eta ez soldatek ez estatuaren prestazio desberdinek ez diote garestitze honi eusten. Anabasa honen erdian, etxebizitzaren auzia dugu. Eskubide unibertsala izan beharko litzatekeena, merkatuaren inbertsio errentagarrienetarikoa da gurean. Eta merkatuaren logikapean, eskuragarria izatetik oso urrun, langileriaren soldatak lapurtu eta gero eta gehiagorentzat eskuratu ezinezkoa bihurtzen da. Etxebizitzaren auzia langileon pobretzearen adierazpen nagusienetarikoa da.

Hala ere, badira gutxi batzuk besteon miseriatik etekina ateratzen dutenak. Etxejabe handiak, espekulatzaileak, banketxeak… langileon kontura bizi eta aberasten dira. Agintariek, berriz, ez dute behar adinako neurririk ezartzen, azken instantzian etxejabeen interesak defenditzen baitituzte. Alderdi politikoak ere arazo honen erantzule dira.

Greba espekulatzaileen eta horiek babesten dituzten alderdi politikoen aurkako indar erakustaldia izan zen. Eta gainera, lanketa ez zen egun batera mugatu. Hiru astez etxebizitzaren auzian antolatu gara asanbladetan; erantzule desberdinak seinalatu, gure herrietako egoera gertuagotik ezagutu eta etxebizitza eskuragarri baten alternatibaz jardun dugu. Egunean bertan, goizeko piketeetatik hasi eta goizeko zein arratsaldeko mobilizazioz eta hainbat jardueraz osatu genuen eguna. Bai goizeko Eibarko mobilizazioa, zein arratsaldeko herrietako mobilizazioak, azken urteetan bailaran egindako mobilizazio jendetsuenak izan ziren.

Kontziente gara etxebizitza egiturazko arazoa dela, eta hortik dator Etxebizitza Sindikatuak urte hauetan egindako lanaren balioa. Egunez egun, auzoz auzo, miseriara kondenatuta gauden langileak batu, etxegabetzeei aurre egin eta guztiontzako etxebizitza bermatuko duen gizarte baterako indar antolatu bat osatu behar dugu. Eta horretan dihardugu. Ezin gara egoera honetara bultzatu gaituztenen zain egon, ezin dugu gure egoera jasangaitza izan arte beste aldera begiratu. Herritarrei dei egiten diegu etxebizitzaren borrokara batzeko.

Unai Garcia, Aitana Gereta eta Miren Txurruka, Debagoieneko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak