Joan zaitez esatera honi, derrigorrezko hazkundea ez dela hain derrigorrezko...
Baina Migel Lopez Legazpikoa eredu gisa jartzea... Mexikon aberastu zen, Nueva Españan, Hernan Cortesek eta antzeko piztiek konkistatu berrian. Bere dirua inbertitu zuen gero Filipinetako inbasio espedizioan (1565). Felipe II.a Habsburgokoak konkistaren adelantadoa izendatu zuen. Kanoiak, mertzenarioak eta engainuetarako aproposak ziren elizgizon batzuekin beteriko itsasontzien armada-burua zen. Portugesekin eta hango nazio desberdinekin borrokan zazpi urtez jardun eta gero, diru barik hil zen, ordea (1572). Espainiar Inperioa bankarrotan zegoen eta urruti Manila. Holako proiektuak dira gure ekintzaileentzat eredu? Espezia kargamenduak Anberesen saltzen ziren Legazpiren sasoian. Inperio genozidaren irabaziak eta urrea Fugger alemaniar bankarien moduko oligarkiek eskuratu zituzten, ez miseria latz gorrienean zegoen espainiar populazioak. Ez zen erraza euskaldunentzat ere: Nafarroako konkista gerra (1512-1529) pairatu berri eta espainiar-frantses proiektu inperialista eta gerretan parte hartzera edota emigratzera kondenatuak.
Elkanoren, Garibairen, Lezoko Blasen, Okendoren, Loiolako Ignazioren, eta abarren biografiak edertu egiten dira, justifikatu, "euren garaiko" pertsonaiak direla eta. Eta ez dago "euren garaiko" testuingurua aztertzea baino hoberik, baina benetako testuingurua, ez espainiar eta frantziar historia ofizialek asmatutako epopeiak.
----------
Balen Tramon
Arrasate