2012an ospitale berria inauguratu zen eta diru asko inbertitu zen bertan; horrek itxaropen handia sortu zuen, bai bertako langileendako, eta baita erabiltzaileendako ere. Izan ere, eskualdean arreta eta zerbitzuak hobetzea ekarriko zuen, eta baita Autonomia Erkidegoan ere.
Errealitatea, baina, oso bestelakoa da. Emaitza hau izan da:
-Ospitaleko hainbat zerbitzu kendu dituzte (esterilizazioa, anatomia patologikoa eta, hemendik gutxira, laborategia).
-Murrizketak giza baliabideetan.
-Zuzendaritzarekin hartu-eman eskasa; hainbat unetan, errespetu falta izan da langileekiko eta haien ordezkariekiko.
Egoera hori dela eta, etorkizuna kolokan ikusten dugu, bai guretako, eta baita Osakidetzaren zerbitzuen erabiltzaileendako Debagoienean.
Hori guztia dela eta, ospitaleko langileok mobilizatzea erabaki dugu. Zuen laguntza eskatzen dugu, zerbitzu publikoen erabiltzaile zareten neurrian, guztion artean lor dezagun ospitalea izan dadila bere garaian proiektatu zena eta guztiok gura duguna.
---------
Bego Saenz-Azkunaga, Gorka Gorostidi, Jokin Errasti eta Jose Conejo
(Debagoieneko ESI/OSIko langileak)
Arrasate