Kirola eta politika

Erabiltzailearen aurpegia Beñardo Kortabarria 2025ko ira. 19a, 00:00

Espainiako Txirrindulari Itzuliaren bueltan Palestinaren aldeko aldarriek eragin duten mozketak direla eta, eztabaida piztu da.

Kirola eta politika ez direla nahastu behar entzun diegu protesten aurka zeudenei; Gazan gertatzen ari dena lazgarria dela, baina horrek ez zuela eragin behar La Vueltan, horretarako beste toki batzuk badirela; Israel Tech taldeko txirrindulariak txirrindulari soilak direla, beraiek ez dutela gertatzen ari denaren errurik; protestek Espainiak nazioartean duen irudi ona zikindu dutela...

Txirrindu-zale amorratua naiz ni, gaztetan makina bat kilometro egindakoa bizikleta gainean, errepide-ertzean orduak eta orduak eman izan ditut hemen inguruko karrerak ikusten, sofari zapaldu galantak eman izan dizkiot telebistaz eskaintzen dituzten lasterketei begira... eta aurten ere gustura asko jarraitu ditut txirrindularien gorabeherak urte osoan. Baita La Vueltakoak ere. 

Aitortuko dizuet pena eman didala lasterketa behin baino gehiagotan eten dela ikusteak, baina merezi zuen. Israelgo izena eta izana zuritzeko, besteak beste, balio du lehen aipatutako txirrindulari-taldeak. Gauzak dauden moduan egonda, ezin daiteke onartu Israelgo estatua aldarrikatzen duen ezer, munduan zehar lasai-lasai ibiltzea. 

Zerbaiterako balio izan du karrera eteteak? Gutxienez, anormaltasuna ez normalizatzeko, elkartasuna mundu mailan hedatzeko, herritarrak mugiarazteko, zenbait gobernu zigor salaketa-ekimen eta -neurrietan pentsatzen hasteko...

La Vuelta Galizian eten zuten egunean, Celta taldeko Borja Iglesias aurrelariari, ohiko futbol-prentsaurrekoa ematen ari zela, protestengatik galdetu zion kirol-kazetari batek. Hauxe erantzun zion: "Harritzen nauena da batzuetan garrantzi handiagoa ematen diogula kirol-ekitaldi bat gelditzeari genozidio bati baino". Gol ederra sartu zuen, dudarik ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak