Oker dabil; gazatarrak ez dira gosez hiltzen ari. Ez; Gazako jendea eraila izaten ari da. Gosez, baina eraila! Lehenago, baina, armen indarrez erail dituzte 60.000 gazatar inguru; zauritutakoak, desplazatuak..., berriz, kontaezinak dira. Sarraskia da. Herri oso bat suntsitu eta desagerrarazteko ahalegin betean ari da Israel. Anker dabiltza eta beraiek ere badakite, bestela ez lieke kazetariei sarrerarik galaraziko, ez-eta hango irudiak zabaltzeko bide guztiak itxiko. Pentsa daiteke munduak han gertatzen dena ikusteko beldur direla.
Nire beldurra beste bat da: Gazan zer dagoen jakinda ere, inor gutxik egin dugula han gertatzen dena gerarazteko aurrerapausorik! Komunikabideetatik bezala, lagunarteko elkarrizketetatik ia desagertu egin da palestinarren eguneroko lazgarria. Asko jota, apustu egiten dugu: Eurovisionen kantatzen utziko diote Israeli? Zer bihurtu gara? Israeldarren antzera, nahiago dugu beste alde batera begiratu eta eroso bizitzen jarraitu.