Gogo faltarengatik ikasturte berriari neurria hartu ezinik nabilen honetan, lanerako bidean bidelagun izaten dudan irratiak Gara egunkaritik jasotako berria eman du: erakundeek herritarrengandik jasotzen duten diruaren %0,6 euro bakarrik jartzen dute aberatsek. Beste modu batera esanda: zergetan 10 euro biltzen badira, horietatik 60 zentimo baino ez dituzte jartzen aberatsek. Gainerakoa herritarren kontsumotik, BEZaren bidez, eta lanaren errentatik jasotzen da; hau da, hilero nominatik kentzen diguten horretatik. Lehen lanerako gogo gutxi nuen, eta orain gutxiago.
Segidako berriak ez dit aldartea hobetu: Espainiako errege emerituak bere izeneko fundazioa sortu du. Zertarako? Dituen ondasun guztiak bere alaben izenean jartzeko. Eta zenbat du, ba, gizonak? Ustez, 1.800 milioi euro. Nola lortu du dirutza hori?
Iraultza behar dugu, berandu baino lehen. Bitartean, lanera!