Palestina askatu!

Erabiltzailearen aurpegia Beñardo Kortabarria 2024ko mai. 24a, 00:00

Errobiren kontzertuan izan nintzen Euskaldunan. 50 urte Anje eta Michel, Daniel Landart-en laguntza ezinbestekoaz, jendaurrean kantuan hasi zirenetik. 

Giro eta kontzertu bikaina izan zen, oroitzapenez betea. Konturatu nintzen, ordea, denbora pasatu izanagatik gauzak ez direla ezer asko aldatu, duela mende erdi Errobiko kanten bidez barreiatzen ziren aldarrikapen gehienak oraindik ametsen zakuan daudela. Hona hemen adibide batzuk: euskararen justu-justuko biziraupena, Euskal Herriaren lurraldetasun lortezina, Franco-zaleen berrindartzea, telebista manipulatzailea… ta gauean langilek zer eskainiko: pottotta ta ipurdi nagusiarendako!

Errealitate bihurtu ez ditugun amets horiek alde batera utzita, ez gaude kexatzeko moduan. Baina ez pentsa, e! Gure borrokatxoak eta kezkak ere baditugu: Muniain badoa Athleticetik, Fermin Muguruzaren kontzerturako sarrerarik ez dugu lortu, oporretarako tokia hartzeko ez gara ados jartzen, etxe ondoan aparkatzeko tokirik ez dago, tabernan ez didate segituan kasu egiten, eta udaberriak ez digu bakerik ematen, kolesterolak ere ez, eta gaur bero bihar hotz. A zelako sufrikarioa gurea!

Udaberria ez bezala, gu epel-epel bizi gara. Bilbon hegazkina hartu eta sei ordu eta erdian Tel Aviven egon gaitezke; hau da, duela mende erdi pasatxora arte, Palestinan. Handik oso gertu, Gaza. Han dagoeneko ez futbolak, ez oporrak, ez eguraldiak… ez du garrantzirik. Heriotza da nagusi, sionisten krudelkeriari ez zaio mugarik ikusten, egarriz eta gosez daude milaka pertsona… Ikara, beldurra, dardara, terrorea nozitzen dituzte egunero palestinarrek. Bizirik irautea dute helburu.

Hemen, berriz, epel gabiltza. Kanpaldiak eta manifak egiten ditugu, bada zerbait. Baina ez da ezer Gazan gertatzen ari den genozidioaren aurrean. Planto egin eta, behetik hasita, agintariak estutu eta Palestina askatzeko garaia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak