Harritu egin ninduen, hori esatean nolabait onartzen ari delako Osakidetza, Jaurlaritzaren altxorra izan den hori, ez dagoela ondo. Hau da, hondatzen utzi dutela. Eta harritu egin ninduen hori entzuteak, hauteskunde berriei itxoin barik euren esku dagoelako Osakidetzaren egoera hobetzea.
Izan ere, Osakidetza larri dabil. Neuri gertatu zait. Iazko uztailaren 2an, laneko ohiko errebisioan arazo bat detektatu zidaten bihotzean. Hurrengo egunean txanda eskatu nuen familiako medikuarekin. Egun batzuetara artatu ninduen, eta kardiologoarengana bidali. Irailaren 29rako lortu nuen. Hiru hilabete geroago!
Ikusi ninduen kardiologoak Arrasaten, eta esfortzu-proba egitea agindu zidan. Monitorizatua behar zuenez, Txagorritxun egin nuen, urtarrilaren 23an. Eta, orain, berriro txanda kardiologoarekin. Noiz? Maiatzaren 7an, lehen diagnostikotik bederatzi hilabetera. Eta ez da belauna, e, bihotza da. Badu bai Osakidetzak hobetu beharra!