Bazterrak argiztatzen

Erabiltzailearen aurpegia Beñardo Kortabarria 2022ko eka. 24a, 00:00

Uztailaren 2a. Ez dakit horoskopoko zein zeinu konfabulatu edo gurutzatuko ziren, baina data bero moduan gorde beharko dut agendan. Egia esan, aurten baino lehen ere, gorriz markatuta eduki izan dut data hori, Santa Ixabel eguna izanda, eta urte luzez Usurbilen lan egin izan dudanez, jai edukitzen nuelako.

Aurten, baina, egun/gau betea egokitu zaigu antzuolarroi. Begira ze aukera agertu zaizkigun begien aurrean uztailaren 2rako: goizean auzolana Gorla sasiz garbitzeko –hamarretakoa, Udalaren kontura–, Lizarraga auzoan San Martzial jaietako ekintzak egun eta gau osoan zehar, iluntze aldera herriko frontoian pilota-partidu berezi-bereziak –besteak beste, Galeano ahizpak, Aitor Mendizabal, Manex Balerdi, Oinatz Bengoetxea eta Iñigo Pascual– eta gauean Iparraldearekin muga egiten duen Buztanzelai mendi-tontorra argiztatzea Gure Esku Dagoren ekimenaren eskutik.  

Aipatu diren lau aukerak, berez, oso desberdinak diren arren, elkarrekin badute zerikusia eta balio antzerakoak partekatzen dituzte: elkartasuna, parte hartzea, konpromisoa, lana eta, garrantzitsuena, gozamena, egiten ari zaren edo egin izanaren gozamena. Aukeratzen duzuna aukeratzen duzula, aipatutako horretatik zerbait eman eta eroango duzu, irakurle. 

Hori bai, aukeratu egin behar. Ze erremedio, ez gara mundu kuantikoan bizi, eta, hortaz, ezin gara une berean toki desberdinetan egon. 

Aurten, uztailaren 2ak mendi-tontorrean harrapatuko nau. Egia esan, behin baino gehiagotan egon izan naiz gauez mendian, iluntasun beteko zeru izartu ederrari begira; oraingoan, baina, farola eta frontalez hornituta joango gara, helburua Euskal Herria eta Katalunia arteko 300 tontor argiz bete eta herrien autodeterminazioa aldarrikatzea delako. Herria eginez, mendi-tontorrean, auzolanean, edo jaiak edo ikuskizunak prestatzen. Aletxoa jarri eta bazterrak argiztatzea da kontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak