Aurkezpen atsegin eta gozo horren ondoren, danbatekoa:
"Irimogainen bi aerosorgailu jarri nahi ditugu, bat Antzuolako lurretan eta bestea Urretxuko lurretan". Jakin-minez eta asaldatuta egotearen itxura egin barik:
"Non?".
"Antzuolari dagokiona lehen tontorrean. Kokapen zehatza bidaliko dizuegu!".
"Eta zelakoak izango lirateke?".
"Hamalau metroko erradioko plataforma eta 120 metroko altuera".
Eta horrela jarraitu zuten, proiektuaren xehetasunen berri ematen. Tontor guztiak eolikoz beteko ez dituzten arren, nik adierazi nien ez zitzaidala batere gustatzen asmoa, ez nukeela horrelako egitura erraldoi bat ikusi nahiko Irimogainen, eta behin proiektua erregistratu eta aurkezten zutenean geure ahalegin guztia egingo genuela benetan gauzatu ez zedin.
Oraindik ez da iritsi momentu hori, baina hara non Eusko Jaurlaritza une honetan Ingurumen Administrazioren Lege Proiektua idazten ari den, eta hor, Lurralde Antolamenduari dagokionez, legea aldatu eta figura berri bat sortu nahi duen: Interes Publiko Goreneko Proiektuak. Horren arabera, Jaurlaritzak ahalmena hartzen du edozein azpiegitura, ingurumen-hobekuntza dela erabakitzen badu, IPGPko izendatzeko.
Horrek zer esan nahi duen? Ba, guk, antzuolarrok, geure planeamenduan, adibidez, gaitasuna dugula Irimo gune babestua izendatzeko, baina figura berriarekin Jaurlaritzak gaitasuna duela babes horri kasurik ez egiteko.
Doazela haizea hartzera!