Aurrera begira

Erabiltzailearen aurpegia Beñardo Kortabarria 2020ko api. 8a, 06:00

Luzapenean gaude, norgehiagoka gehienak irabazi edo galtzen diren unean. Akats txiki batek lehen ondo egindako guztia bidal dezake pikutara! Talde-lanari eutsi behar diogu, elkar zaintzen jarraitu behar dugu, gehien ematen ari direnak babestu behar ditugu… etorkizuna daukagu jokoan!

Etorkizunean pentsatzeko unea ere bada. Egoera honetatik noizbait irtengo gara. Berdin bizitzen jarraitu behar dugu? Ez genuke saiatu behar zerbait aldatzen? Gaur egungo balioek balioko dute aurrerantzean? Aberastasuna ondo banatua dago? Eta ez badago, onargarria da? Osasun-sistema publikoak, kirola, azpiegitura handiak, turismoa, dohaineko hezkuntza publiko bikaina… zer da lehentasuna?... Galdera potoloak dira, baina erantzun beharrekoak.

Antzuolan bertan, jende guztia berdin aterako da egoera honetatik? Ez, argi dago ezetz. Eta Udalak zer egin behar du horren aurrean? Aurreko astean, Gipuzkoako alkate askok bilera birtuala eduki genuen Diputazioko agintari nagusiekin. Zitaren helburuetako bat, argia, argazkia eta Teleberri-rako bideoa ateratzea zen; mezu nagusia, baina, hau izan zen: Aldunditik agindutakoa baino %20-25 gutxiago etorriko zaizu, zuhurtziaz joka!

Ba, ez, Gipuzkoako Aldundia, ez da zuhurtziarako denbora. Kaltetu ugari aterako da egoera honetatik eta udaloi, dauzkagun baliabideen araberako laguntza ematea tokatzen zaigu. Diru gutxiago iritsiko zaigula? Bale, baina ez trabarik jarri daukagun apurra guk geuk erabakitzen dugun modu eta neurrian erabiltzeko. Izan ere, ez ahaztu, baliabide horiek herriarenak eta herritarrenak dira. Pertsonen ongizatea dago jokoan, ez dugu penaltietara, jaurtiketa askera edo foto-finish-era jo behar… loteriara, bizitza ez delako zozketa bat. Segi zeuen burua eta ingurukoena zaintzen. Asko gure esku dago. 24 orduko telefonoa: 630 45 51 14.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak