Hirugarren astekoak!

Erabiltzailearen aurpegia Beñardo Kortabarria 2020ko api. 3a, 06:30

Presoaldiaren hirugarren astean sartu gara dagoeneko, eta aurrekotik hona badugu berrikuntza bat baino gehiago. Nabarmenena, agerikoa denez, presoaldia zabaldu izana; hau da, ezinbestekotzat jotzen diren zereginak izan ezik, gainerakoak etxean.

Udaletxean ere badu eragina dekretu berriak, baina ez du ematen: harrera, erregistro orokorra, garbiketa eta desinfekzio-lanak, udal-eraikinen garbiketa, aguazila, gizarte-zerbitzuak, idazkaritza, kontu-hartzailetza, diruzaintza, eta, sail-arduradunak, besteak beste, ezinbestekotzat jo direlako. Beharbada, udaletxe handiagoetan gehiago igarriko zen, baina gurean ia ezer ez.

Hala ere, egoera berezira egokitu behar izan dugu. Batzuk etxetik ari dira lan egiten, txandak egin ditugu, babes-neurriak hartuta gabiltza, eta elkarrekin ez dituzue ikusiko udal-langileak. Garbiketa eta desinfekzioan jarri dugu arreta handiena, eta buru-belarri ari gara horretan, zintzo, goiz eta arratsaldez.

Herriari begira, berriz, azken bi idatzietan egur apur bat emateko aukera baliatu nuen; oraingoan, berriz, txalotzeko aprobetxatu nahi dut: 1) Boluntario-taldea. Lan asko edo gutxi izan, laguntzeko borondatea erakuste hutsagatik. 2) Etxez etxeko zerbitzuan ari diren langileak. Ez dago zergatia azaldu beharrik. 3) Osasun-langileak –garbitzaile eta administrariak barne–, segun eta ze baldintzatan aritzeak meritua duelako. 4) Txistulariak, dantzariak, bat-bateko balkoi-festak antolatzen dituztenak… eta ordu aldaketarekin argi-ordu gehiago edukiko dituzte. 5) Garbi jokatzen ari diren herritarrak.

Eta bukatzeko, txartel gorri-gorria astelehenean futbol-zelaian autokarabana ezarri zuenari. Eta ez da broma. Oharra: zorionez, ez zen Antzuolakoa. Eutsi umorez eta segi etxean geratzen!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak