Helburua bikoitza zen: 1-Herri garbi bat edukitzeko ohiturak hartzea. 2- Denok, iruzurrik egin barik, garbi jokatuz, ohitura horiek hartzea.
Koronabirusak gaurkotasunera ekarri du leloa: garbi jokatu beharra dugu, denok; bestela, jai daukagu. Udaletxeko langileak kaleak, barandak, zintzilikarioak, zakarrontziak, zabalik dauden denden aurrealdeak, eta abar desinfektatzen ari dira. 45 antzuolarrez osatutako boluntario-talde bat laguntza behar duten etxeetatik bueltaka ari da, beren osasuna arriskuan jarriz; beste batzuk, aldiz, berera!
Adibideak nahi? Badauzkat:
"Kalean ezin dudanez erre, balkoian erretzen dut, eta bukatutakoan mutxikina leihotik behera!". Hautsontzi bat jarri ezazu, ba, eta bertan eduki errefusa atera arte.
"Txakurra ateratzeagatik kalera irteteko aukera daukat, eta, gainera, kaka ez dut jasotzen". Jope, hainbeste kostatzen al da? Jakin ezazu, arratoiei bezala, koronabirusari ere gustatzen zaizkiola txakurrek uzten dituzten pasteltxoak.
"Dendara 6-8 aldiz joaten naiz". Ez al duzu entzun? Ezinbesteko ez bada, etxean geratu!
"Eskuak garbitu behar dira sarri, distantzia gorde… hondakinak etxean ez ditut edukiko. Zakarrontzietan sartzen ditut". Eskerrik asko, majo!
"Zintzilikarioak mikrobioz beteta egon daitezke. Poltsak lurrean lagatzen ditut". Ezetz, egunero desinfektatzen ditugula, beti bezala ateratzeko. A, eta Mankomunitateko agindua garbia da: poltsak ez utzi lurrean!
Izenburura itzulita: garbi jokatu, elkartasunez... inguruarekin eta, batez ere, zeure buruarekin.