Domeka goiza. Denok etxean preso. Ia denok, beti berera doazen lau listotxoak kenduta. Zerrenda beltzean zaudete!
Domeka eguerdi-arratsaldea. Whatsapp-a handik, whatsapp-a hemendik… elkartasun-taldea egituratzen hasi da. Iluntzerako, 30eko lantaldea dugu. Astelehenean 43 dira. Biba zuek.
Laguntza beharra izan dezaketenei deika hasi gara. Inork ez du laguntza beharrik. Poz txikia, herriak komunitate izaten jarraitzen du, ondokoagatik kezkatzen. Albiste tristea: Torreko Isidro hil egin da. Lehen zinegotzi izandakoa, azken urteotan kolaboratzaile fin Ingurumen Batzordean. Ezin ganoraz agurtu, hori mina eta tristura.
Astelehen iluntzea. Buztinzurin bat-bateko party-a egin du Patxi Luquek. Jendea balkoietan, Facebook bidez etxean dantzan… bakoitzak ahal duen moduan laguntzen du, listotxoen %1 madarikatu horrek izan ezik.
Segi zeuen burua eta ingurukoena zaintzen. Asko gure esku dago. 24 orduko telefonoa: 650 80 52 48.