Pentsa, dagoeneko ez da Zaldibarko zabor-mendiaren hondamendiari eta ondorengo kudeaketa ilun eta penagarriari buruz ia ezer entzuten; aste honetan ez du inork Mankomunitatera deitu Epelez galdetzeko; futbola eta futboleko errege-kopa bera ere bigarren mailara pasa dira; inori, jada, ez zaizkio hauteskundeak inporta; Lesbosen gertatzen ari den guztia eta Europa hor hartzen ari den jokamolde ankerra ia ez dira bistaratzen… eta bada bigarren mailan ez, baizik eta askoz ezkutuagoan geratu den beste kontu bat, Juan Karlos errege ohiak Saudi Arabiaren eskutik jasotako 100 milioi euroko propina.
Koroaren birusa da hori, oraindik kontrako txertorik ez duena. Franco jeneral kolpistak jarri zuen borboia Espainiako buru; ez ahaztu, milaka pertsona hil ondoren boterera iristea lortu zuen jeneral kolpistak berak, 40 urtez diktadura ezarri zuenak. Eta oraindik irauten du, e!
Diotenez, buruan koroa jarri zioten egunean, borboiaren poltsikoak eta haren ingurukoenak zuloz beteta zeuden, ondasunik gabeko tipoa zen; orain, baina, munduko aberatsenen artean ei daude bera eta familia. Lana eginda? Bai, seguru. Lan zikina, ordea, eskupekoak jasotzeko aukerak ematen dituen horietakoa. Eskupeko zikinak, bide batez, eskuak odolez zikinduta dituen Saudi Arabiarengandik oraingoan. Izan ere, koronabirusari kostatu zaio estatu horrek eragin dituen heriotzen marka gainditzea.
Eta egon da aukera kontua ezkututik atera eta egunerokotasunaren lehen lerrora ekartzeko, baina komunikabide handiek bizkarra eman diote, eta politikariek ere bai: Vox-ek, PPk eta PSOEk erregeohiaren diru-kontuak ez ikertzea erabaki dute.
Zergatik ote?