Uztailaren 11n diputatu andrearen erantzuna: Antzuolak pairatutako kalte materialak aste bukaera honetako euriteengatik izan dira.
Irailean eman dit Iban Asenjok galdera-erantzunaren berri. Ez nau harritu, baina bai haserretu, berriro ere haserretu. Izan ere, ekaineko uholdeetan gertatu zenaren inguruan Aldunditik egiten ari diren kontakizunak efektu hori dauka antzuolarrongan: sutu egiten gaitu. Bihotzez sufritu eta begiz ikusi genuen hura, benetakoa ez dela esaten digutenean; gutxietsi, ninguneatu, tontotzat hartzen gaituztenean, berotu egiten gara.
Hala ere, hotz azalduko diot gertatutakoa entzun nahi duenari.
Ekainaren 3ko euri-zaparrada ikaragarriak autobideko obran zegoen material asko eta asko mugiarazi zuen. Material horrek, lehenik, obrako hodi eta arketa asko eta asko trabatu zituen. Pasa ezinda, urak ezohiko bidea asmatu zuen, errepidea gurutzatu, eta obrako material asko eta asko ekarri zuen herrigunera, gure hodieria trabatu eta kalteak eragiteraino. Guk tonaka todouno atera genuen geure hodieriatik, eta, ordutik, obrako hodieriatik ere makina bat tona atera dute.
Antzuolako denok dakigu kontatu dudana dela gertatu zena. Eta, kontrakoa sarri errepikatu arren, ez dugu bestelako bertsiorik onartuko.
Uholdeak ez ziren inoren errua izan, baina eragindako kalteen erantzukizunak norbaitena izan behar du, obrako materiala ez zelako berez iritsi Eztala inguru horretara, norbaitek ekarri zuen; eta ez zen euria izan.