Xabier Legorbururi

Erabiltzailearen aurpegia Beñardo Kortabarria 2016ko aza. 26a, 00:00

Ez naiz ni komunikabideetako ping-pong gutunen zalea –hau da, aste honetan nire gutuna, hurrengoan zurea, eta buelta…–, baina aurreko astean Xabier Legorburuk idatzitakoaren inguruan pare bat gauza komentatu beharra daukat.

Aprobetxatuko dut aldez aurretik esateko ez diodala ping-pong partidari jarraipenik emango hemendik bi astera.

Komentatzeko lehena, eta hau iritzia da: atari bereko bigarren eta hirugarren solairuetan bizi garela kontuan hartuta, Goienara gutunak bidaltzea baino, gauzak esateko modu zuzenago eta naturalagoak badituk ba! Ez al zaik horrela iruditzen, Xabier? Hala ere, eskubide eta askatasun osoa daukak hori horrela egitea edo ez egitea erabakitzeko; ni, aldiz, hire aurreko gutunak behartzen nau euskarri bera erabiltzera. 

Benetan komentatu nahi nuena, hire idatziaren pasarte hau: Alkatiaren idatzixan txakurren kakarik ez azaltzia idatzixa egitterakuan ez akordatzian ondorixua izan dala pentsatu nahi dot; aldiz, herriko hormetako pintaden aipamenik ez egittiaren arrazoia zein dan jakin nahiko nuke; izan be, honek garbitzeko eta berriz holakorik ez egitteko alkate deirik ez dot ikusi.

Hau da, esaldi horretan, hik heuk erabaki duk txakur-kakak aipatzea ahaztu egin dudala; eta, pintadak aipatzea, berriz, ez zaidala ahaztu, ez ditudala aipatu ezkutuko arrazoiren bategatik edo intentzionalitateren bategatik… Eta, galderak: zertan oinarritzen haiz hori horrela botatzeko? Zein intentziorekin egiten duk bereizketa hori?

Pintadek zikindu egiten dute. Jakina, baina pintada gehienen asmoa ez da zikintzea izaten, baizik eta salatzea, ezkutuan dagoen zerbait azaleratzea, aldarrikatzea… horregatik, ez dira bere horretan alderatzeko modukoak. Eta hori esaten dost, zikintzea eskubidea ez dela dioen batek. Honetaz hitz egiteko, lerro mugatu hauek eskaintzen dutena baino denbora eta toki gehiago behar denez, badakik non bizi naizen!

----------

Beñardo Kortabarria

Antzuolako alkatea

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak