Oinezkoaren eta automobilaren arteko elkarbizitzan, oinezkoari toki hobea ematea bilatzen duen plana da, herria gehienontzat jasangarriagoa izatea eta bizi-kalitatean puntu bat gora egitea.
Badakit ez dela antzuolar guztien gustuko plana. Ohiturak aldatzea dakar, eta aldaketak beti sortzen du nolabaiteko ezinegon egonezina.
Badakit ez dela akatsik gabeko plana izango ere, eta erabiltzen hastean konturatuko garela plana diseinatzerakoan hau edo hura ez genituela kontuan hartu…
Eta badakit egokitzapenak egin beharko ditugula. Ez dago arazorik, hilabete eta erdiko probaldia dugu paperean dagoena kalean probatzeko.
Modu berean, badakit aldaketa ez dela hainbesterakoa, lehen asteburuetan egiten zenaren antzerakoa dela.
Badakit oinezkoei lehentasuna emateko tamaina egokia duela Antzuolak, inguruan dauzkagun herri handiagoetan oinezkoendako gero eta gune zabalagoak sortzea posible izan bada –Bergara, Arrasate, Oñati, Eibar…– gurean errazagoa izan behar duela. Aparkaleku batzuk galduko direla ere badakit, baina egunero alferkeriaz hutsik geratzen den garaje-kopurua dezente handiagoa dela.
Automobilik gabeko kale eta plazak gustatzen zaizkit, eta adibidetzat beti neure auzoa jartzen dut. A zelako aldea dagoen Ondarreko plaza Corpusetako asteburuan ikusi edo urteko gainerako 363 egunetan ikusi! Prozesio-zale ez banaiz ere, ni Corpusetakoarekin geratzen naiz.
Aldaketa datorkigu, ez iraultza; lasai hartu, eta ikusten duzuenarekin etorri udaletxera! Ondo, eta lasai, paseatu asteburuan!