Etor zaitezte Antzuolara

Erabiltzailearen aurpegia Beñardo Kortabarria 2014ko ots. 14a, 00:00
Aurrekaririk ez duen eta aurrekaririk ezarriko ez duen ekintza burutuz, behingoagatik, antzuolar baten partez, zorionak, Bergara!

Zorionak, Santa Ageda bezpera seinalatuan aterik ate atez atekoarekin hasteagatik. Ea ohitura zahar bihurtzea lortzen duzuen! 

Hori bai, kostatu zaizue! Astero-astero ia modu obsesiboan idatzi dituzuen gutun labur eta luzeen bidez, majo asperrarazi gaituzue GOIENAko gainerako irakurleak, eztabaidak egin dituzue, prentsaurrekoak, binaka-hirunaka-launaka… plastikozko poltsez bete dituzue etxeetako balkoiak, bailaraz  haratagoko komunikabideen arreta modu erraz susmagarrian erakarri duten manifak antolatu dituzue… eta gutxi, oso gutxi, izan zarete Antzuolara zuzenean galdetzera, ikustera, edo beste barik, bisita egitera etorri zareten bergararrak. Eta harritzen nau, gure gauzatxoak badauzkagun arren, oro har bergararrari harrera ona egin izan diogulako herri honetan.

Usain txarrez inguraturik bizi ei gara Antzuolan, arratoiak ez zapaltzeagatik malabarismoak egiten maisutza hartu ei dugu, eta gainera masokismotik oso gertu ei gaude, hondakinak biltzeko sekulakoak eta bi egin behar izaten dugulako eta gainera beste inon eta beste inork baino diru gehiago ordaintzen. Gutxi gorabehera, hori izan da gutaz, han eta hemen behin eta berriz, esan izan dena.

Esatetik izatera, baina, aldea handi samarra izan ohi da. Atez atekoaren inguruko guztiari hasiera eman zitzaionetik, bergararra Antzuolara gutxienez behin etorri izan balitz, herria garbi samar aurkitzeaz gain, argi ikusiko zukeen: esatetik izatera alde handia dago. Atez atekoa erraz egiten da, herrian ez dago usainik, eta gauzak txintxo eginda, birziklatze-tasek nabarmen egiten dute gora, denok nahi omen dugun moduan. Arazoak nahita gaizki egindakoan sortzen dira, hori hemen ere bizi izan dugu. Etorri, ikusi eta ikasi, txikiak ere zer irakatsi badu-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak