Berdeguneen mantenimendurako kontratazio prozesua, bestelako kontratazioak bezala –obrak, pertsonala…–, Sektore Publikoaren Kontratu Legearen baitan egin behar dira, aukera-berdintasuna, gardentasuna eta hoberena den eskaintzaren hautatzearen printzipioak kontuan izanik. Ondorioz, kontratazioetan debekatuak daude aurretiazko esperientzia edota tokikotasuna bezalako irizpideak kontuan izatea.
Eta guk hala garatu ditugu kontratazio prozesu guztiak. Orain, gure esku dauden politikak aplikatu ditugu prozesuan: enpleguaren kalitatea, berdintasuna, formazioa eta euskara politikak, kasu. Jakina baita zerbitzuak prestatzen dituzten enpresa batzuek langileen lan baldintzen kaltetan irabazten dituztela lehiaketa hauek.
Honen aurrean zera argitu nahi genuke: tokiko enpresak ez direla albo batera utzi, ezta gutxiago ere; eta hiru langileak subrogatzeko derrigortasuna ezarri dugu, konbenioak jasotzen duen bezala. Beraz, lanpostu hauek ez dira galtzen eta beraien lan baldintzak egokiak izatea bermatzen da.
Aukera-berdintasunaren printzipioari eutsiz tokikoak nahiz enpresa erraldoiak aurkez daitezke, baina bagabiltza zerbait lortzen: enpresa erraldoiak izanik ere, langileen eskubideak mantendu edota hobetzea, herri guztietan gertatzen ez den bezala.
Bestalde, badakigu enpresa handiek txostenak aurkezteko baliabide gehiago dituztela. Baina horiek baloratu behar ditugu, legea betez, Eskoriatzarako abantailatsuena den eskaintza aukeratuz. Eta Udalaren erantzukizuna da hau guztia betearaztea, hitzez hitz; eta honen betebeharra, ondo prestatutako zerbitzuak ordaintzea.
Udalerako lan egitea nekeza da, aldiro lehiaketa publikoetara aurkeztu behar baita, beti arteko kontratuak ez baitira zilegi. Baina nola bermatu, bestela, unibertsaltasuna, objektibotasuna eta gardentasuna?
Hitzak eta programak haizeak eramaten dituela esan digute, erabakietan ikusten direla Udalaren printzipio eta politikak. Bada, tokiko garapenak gure helburu izaten jarraitzen du, baina honek ere mugak dauzka eta Udal Gobernutik zuzentasun osoz jokatu dugu. Horretarako hautatuak izan gara eta hala jarraituko dugu.
Bestetan egin bezala, Landu-ri eskerrak eman nahi dizkiogu prestatutako zerbitzuagatik eta zorterik onena opa; subrogatzen diren langileei, aldiz, gure babes eta laguntza osoa.
----------
Beñat Herce
(Eskoriatzako alkatea)
Eskoriatza