Oñatiko VII. Bertso Txapelketa ospatuko da aurtengo azaroa eta abenduan. Azaroaren 29an eta abenduaren 6an jokatuko dira kanporaketak, Antixena gaztetxean eta Arrano tabernan. Finala, berriz, abenduaren 20an, gaztelekuan.
Hamabi bertsolari
Parte hartuko duten bertsolariek eman dute izena dagoeneko. Aurreko urteetako zenbakia mantenduz hamabi izango dira: Urko Arregi, Egoitz Aizpuru, Urko Egaña, Maider Arregi, Iñaki Olalde, Xabier Paskual, Ander Lizarralde, Gontzal Belategi, Gorka Larrea, Joseba Lasagabaster, Josu Igartua eta Andoni Goitia. Bertsolariak oraindik banatu gabe daude saioetan.
Aurtengo txapelketak, ordea, badakar aldaketa bat. Oñatiko bertsozaletasuna kontuan hartuta parte-hartzea sustatu nahi du Oñatiko Bertso Eskolak. Horretarako herritarrek gai proposamenak jasotzeko kaxak jarriko dituzte herriko zortzi tabernetan. Ez dituzte proposamen zehatzak bakarrik eskatzen. Ideiak, egoerak edo bururatuko kasuak ere jaso nahi dituzte parte-hartze aukera zabaltzeko. Izan ere, txapelketako gai jartzaile taldea arduratuko da kutxetako gaiak eta ideiak hartu eta saioetara txertatzeaz.
Proposamenak eskertzeko Oñatiko produktuez osatuta otarre bat zozkatuko dute parte hartzaileen artean. Txartel bakoitzari zenbaki bat egokitu zaio eta, irabazleari jakinarazteko, idatzi duenaren izena eta kontakturako zenbakia eskatuko da txartelean.
Asteburu honetan jarriko dituzte kaxok eta azaroaren 16 arte egongo dira taberna hauetan: Ongi, Boga, Aloña,Pako, Izarraitz, Antixena gaztetxea, Arrano eta Artxubi.