Gure Esku Dago dinamikaren baitan, ‘Eskutik Eskura’ ekimena aurkeztu dute Gasteizen. Gaurtik hasi eta apirilaren 5era bitarte, Euskal Herriko ahalik eta herri eta auzo gehienetan «erabakitzeko eskubidearen arrazoiak eta borondate sendoa» zabaltzea izango du helburu.
Gure Esku Dago dinamikaren baitan, eta datorren ekainaren 8ko ‘Gure Esku Bidea’ giza katea gauzatzeari begira, ‘Eskutik Eskura’ ekimena aurkeztu dute Gasteizen.
«Euskal Herriko hiri, auzo zein herrietan erabakitzeko eskubidearen aldeko konplizitateak eta konpromisoak eskutik eskura etengabean pasatzea bilatuko dugu», azaldu dute Gasteizko Villasuso jauregian egindako agerraldi jendetsuan –260 lagunen parte hartzea izan du–.
Dinamikaren baitan, hiru argudio nagusi zabaldu dituzte. Batetik, «eskutik eskura ibili behar dira eskubide demokratiko honen gauzatzearen beharra, egokitasuna, zilegitasuna eta aukerak argitzen dituzten argudioak». Bigarrenik, «eskutik eskura sentiarazi beharko dugu herritarron parte hartzea eta aktibazioaren beharra eta garrantzia». Eta, azkenik, «eskutik eskura adierazi beharko dugu elkarlana eta auzolanaren premia eta eraginkortasuna».
Horretarako, gaurtik hasi eta datorren apirilaren 5era bitarte ehunka ekimen jarriko dira abian Hego Euskal Herriko herri eta auzo gehienetan, «milaka eta milaka herritarren parte hartzea bilatuz».
«10 astez eta 80 egunez, Euskal Herriaren etorkizuna libre eta demokratitkoki erabakitzeko eskubidea gauzatzeko arrazoi ugari eta borondate sendoa dagoela haizeratuko dugu», ohartarazi dute.
http://www.naiz.info/eu/actualidad/noticia/20140118/eskutik-eskura-ekimenak-erabakitzeko-eskubidea-gauzatzeko-arrazoiak-zabalduko-ditu-herri-eta-auzoetara