Izendapen honek ez du bakarrik XVIII. mendean Elhuyar anaiek Laboratoriumen egindako aurkikuntza edo Errege Seminarioan egindako lana aitortzen. Laboratorium museoak dibulgazio zientifikoan eta esparru sozialean eraldatzeko duen potentziala ere aitortu eta balioan jartzen du.
Bergarak zientzietan zein giza arloetan duen ondarearen erakusleiho izugarria da Laboratorium museoa, eta aitortza hori Europako erakunde garrantzitsuek egin izanak museoarekiko ikuspegi eta jarrera berriak irekitzeko balio izan du.
Legealdi hasieran ia bukatuta jaso eta Laboratorium museoa inauguratu zenetik lehen aldiz ikusi dugu EAJren Udal Gobernua museoa balioan jartzen. Bultzadarik eman ez ezik, museoari dedikatutako giza baliabideetan sekulako murrizketak egin ditu orain arte: museolariaren plaza hutsik utzi dute, turismo teknikariaren kontratua eten da, museoaz arduratzen diren teknikariei beste ardura batzuk eman eta museoa alde batera uzteko eskatu zaie, eta abar.
Askotan gertatzen den bezala, kanpotik etorri behar izan dute Europako komunitate zientifikoko ordezkariek, gure Laboratoriumi eta bertako langileei EAJren Udal Gobernuak aitortzen ez zien lana aitortu eta Bergarako museoa Europa mailako erreferentzia dela esatera.
Ea, bada, Laboratoriumekiko inflexio puntua den eta Bergara Historic Site izendapen honek Bergararen altxorrak balioan jarri eta indartzeko bideak uztartzeko balio digun.